Urola Kostako EH Bildu: "Joko zikina eta mendekua baino ez dago haien aurka"

Zarauzko Hitza 2018ko api. 11a, 13:05
Atzo Zarautzen egin zuen agerraldia Urola Kostako EH Bilduk (Amaia Urbieta)

Bihar Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra. EAJk eta PSE-EEk salatu zituen bi agintariak, eta 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak jaso ditzakete, errauste planta gelditzea erbakitzegatik. Urola Kostako EH Bilduk  babes osoa eskaini die biei.

Igandean, 12:30ean, Azpeitian ekitaldi nazionala egingo du EH Bilduk. Izan ere, babes osoa erakutsi nahi die koalizioak Ainhoa Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohiari eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari. Horiek bihar epaituko dituzte Madrilen, Kontu Auzitegian. Gipuzkoako EAJk eta PSE-EEk salatu ditu errauste planta gelditzea erabaki zutelako eta horrek galdera ekonomikoa eragin zuelako. Horregatik, 46 eta 100 miloioi euro artean eskatzen dizkiete Errazkin azpeitiarrari eta Intxaurrandietari.

EH Bilduren ustez, "erabat bidegabea" da zigor eskaera hori. "Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete".

Horregatik, Urola Kostako EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo Zarautzen, eta eskualdeko herritarrak gonbidatu zituen igandeko ekitaldian parte hartzera. "Ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu beren zintzotasunean eta konpromiso politikoan sinesten duten eta elite ekonomikoen gainetik herritar ororen interesak babestu behar direla uste duten herritar guztiei".

"EAJko zinegotzi batzuek ez dute ulertzen beren alderdiaren jarrera"

Urola Kostako EH Bilduk adierazi duenez, EAJren salaketak kritikak eragin ditu botoemaile eta zinegotzi batzuen artean: "Jakin badakigu, hala esan digutelako, EAJko botoemale ugarik eta baita zinegotzi batzuk ere ez dutela ulertzen nola Gipuzkoako agintariek bi euskaldun salatu dituzten Madrilgo auzitegian".

Gainera, koalizioaren ustez, "ez da kasualitatea" Gipuzkoako EAJko eta PSE-EEko arduradunek "hain modu zabarrean" jokatu izana. "Errauskailuaren proiektuak aurkakotasun oso handia dauka Gipuzkoako gizartean, osasunean zein herrialdeko ekonomian izango dituen ondorio larriengatik. Errauste plantarena gaindimentsionatutako proiektua da eta zen, egun txikiagoa eraikitzen ari direla ikusi besterik ez dago. Elite ekonomikoen interesak kolokan jarri ziren errauste plantaren proiektua gelditu zenean". Hori da, hain justu, koalizioaren ustez Intxaurrandietari eta Errazkini barkatzen ez dietena. "Joko zikina eta mendekua baino ez dago haien aurka horrelako zigor eskaera bidegabeak egiterakoan".