Euskaraldia

Rita Aldabaldetreku: «Ariketa sozial bat da, 11 egunetan euskaraz egin edo egiten uzteko»

Zarauzko Hitza 2018ko api. 12a, 08:00
Rita Aldabaldetreku, Zarauzko Euskaraldiko dinamizatzailea (Aritz Mutiozabal).

Zarautzen Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egingo dute apirilaren 22an, 12:30ean, Munoa plazan. Rita Aldabaldetreku ari da egitasmoa herrian dinamizatzen eta koordinatzen.

Euskaraz hitz egiten edo ulertzen dutenen artean euskara erabiltzeko erronka jarri du Euskaraldiak. 11 egun zehaztu dituzte Euskal Herri osoan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, eta orain herriz herri antolatzen hasi dira, ohitura aldaketa emanez, helburua betetzeko. Rita Aldabaldetreku (Zarautz, 1993) Zarauzko Euskaraldiko dinamitzailea da eta Gipuzkoako sustatzailea, herrien eta Topagunearen arteko lotura eginez.

Asko hitz egiten ari da Euskaraldiari buruz azkenaldian. Baina zer da zehazki?

Ariketa sozial bat da: euskal gizarteari edo minimoki euskaraz ulertzen duen gizarteari proposatzen zaio 11 egunetan euskaraz egiteko edo euskaraz egin dadin uzteko. Hor bi figura izango dira: batetik, Ahobizi, euskaraz hitz egiten dakien pertsona euskalduna, eta honek euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du euskaraz ulertzen dion guztiekin; eta bestetik, Belarriprest dago, gutxienez euskaraz ulertzen duena da eta hartzen duten konpromisoa berari euskaraz egin ahal zaiola, gero berak erabakiko du euskaraz ala erdaraz erantzun. Horrela lortu nahi da 11 egun horietan askotan elebidunak izango lirateken eta normalean euskaraz egiteko aukerarik ez dugun elkarrizketak euskaraz egin ahal izatea.

Bi figura horiek nola identifikatu ahal izango dira?

Euskaraldiko ariketa horretan parte hartzeko izena eman beharko da derrigorrez. 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute izena, eta bakoitzaren araberakoa izango da Ahobizi ala Belarriprest bezala parte hartu. Orduan, bakoitzari txapa bana emango zaio –Ahobizik aho bat irudikatuko du eta Belarriprestek belarri bat– eta 11 egunez eraman beharko dute.

Izen-ematea zabalik al dago?
Oraindik ez. Une honetan herri bezala izena eman daiteke, apirilaren 20ra arte. Irailaren hasieran irekiko da herritarren izen-emate epea, eta azaroan prestakuntza saioak egingo dira, tailerren eta bideo-tutorialen bidez, Ahobizi eta Belarriprest izateko; izan ere, askotan ez da erraza euskara ohiturak aldatzea eta horretaz kontziente izatea. Behin pauso horiek emanda, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo litzateke.

Euskaraldian zein herrik hartuko duen parte zehazteko fasean zaudete orain, orduan.

Herri ezberdinak izena ematen ari dira orain, eta izen-ematearekin batera dator batzordeen eraketa. Topagunetik aritu gara herriz herri hainbat aurkezpen eta abiatze saio egiten. Zarautzen, adibidez, Kike Amonarrizek eman zuen euskararen inguruko hitzaldi hura izan zen, baina pixka bat diferentea izan da: udalak bazuen interes bat euskara sustatzeko herrian eta hitzaldia antolatu zen horretarako; hortik Zarauzko Euskaltzaleen Topagunea sortu zen, eta ondoren erabaki zen Euskaraldia martxan jartzea. Beste herri askotan, aldiz, Euskaraldia martxan jartzeko ideia  etorri da eta gero sortu dute taldea; beste batzuetan badira euskara taldeak eta haiek heldu diote ekimenari. Egoera ezberdinak daude, baina orain da taldeak indartzeko eta antolaketari begira prestatzen hasteko fasea.

Beraz, Zarautzen etxeko lanak eginda heldu dio erronkari.

Zarautzen ez da jarraitu Topagunetik markatutako bidea eta herri askotan erdi protokolo modura erabili dena. Herrian ekimen propioz hasi zen bestelako mugimendu bat, eta gero erabaki zen mugimendu hori Euskaraldirako erabiltzea.

Zarauzko Euskaraldiko dinamizatzaile zaren aldetik, zein izango da zure egitekoa?

Zarauzko Euskaltzaileen Topaguneak erabaki zuen pertsona bat liberatu nahi zuela Euskaraldia antolatzen hasteko. Orduan,  ni ari naiz horretan eta koordinatzen, bai udalarekin, bai herriko taldeekin. Batzorde bat dago 30 bat lagun biltzen dituena eta hilean behin elkartzen dena, eta hortik sortu zen talde motor bat aurkezpena prestatzeko-eta.  Nire zeregina da bilerak dinamizatzea, komunikazio lanak egitea eta, nolabait ere, atzeko lan horiek egitea. Gero, Gipuzkoako sustatzaile ere banaizenez, perspektiba hori ere badut, eta, adibidez, mintegi bat prestatu behar badut, bada jakintza hori ere zabaltzen dut batzordean.

Hilaren 22an aurkezpen ekitaldia egingo duzue Munoa plazan, eta hori izango duzue abiapuntua. Zer ideia dituzue hurrengo hilabeteetarako?

Markatuta ditugu mugarri orokor batzuk. Uda aurretik barne lana izango da, uda ondoren datorrelako mugimendu handiena; Euskal Jaien bueltan gutxi gorabehera. Orain ari gara batzordea prestatzen, eta egin ditugu pare bat prestakuntza saio Emun hizkuntzalaritzakoekin. Uda aurretik Euskaraldiak kanta bat aterako du, eta  festetan nahiz udarako dinamiketan Euskaraldiak bere presentzia izan dezan saiatuko gara. Uda ondoren, herritarren izen-ematea zabaltzen denean, prestakuntza saioak emango dituzte batzordeko kideek, iraila eta azaroa artean.

Herrian benetan dinamika eta akzioa hasiko dira uda ondoren, baina uda bitartean bere presentzia izango du. Saretze lana egiten ere hasi gara eskoletan, Murkil dendari elkartean, Zurekin ostalarien elkartearekin, elkarte gastronomikoetara ere iritsi na­hi dugu... Uda aurretik pixka bat jendearekin harremanetan jartzen ari gara, ondoren izena eman dezaten. Eta izena ematen dutenean, mapa bat osatu nahi dugu herriko zein dendak eta tabernak parte hartzen ari diren jakiteko, baita herriko elkarteekin argazkiak atera ere.

11 egun izango dira. Kopuru sinboliko bezala?

Euskaraz hamaika bada zenbaki berezi bat, asko adierazi nahi duena. Gainera, Euskaraldian  11 pertsona erreferente aurkeztuko dira Euskal Herri mailan, eta Zarautzen ere herriko hamaikako bat aurkeztuko da. Herritarrei ere 11 pertsona aukeratzeko eskatuko zaie ariketa hau aurrera eramateko egun horietan. Alde batetik, bada kopuru sinboliko bat, eta bestetik, denbora tarte bat jartzea egoki ikusi zen ohitura aldaketa ahalbidetzeko, beste toki batzuetan ere egin izan direlako halakoak.

Egitasmoa Euskararen Egunarekin biribilduko litzateke, abenduaren 3an.

Hala da, eta bukaera ekitaldi batekin egin nahi da Euskal Herri mailan. Edonola ere, joan den hilean izan genuen batzordekideak formatzeko mintegi bat, eta bertan Euskaraldiko koordinatzaileak esaten zuen itxiera ekitaldi bat izango dela, baina ez dela izango 11 eguneko kontua bakarrik, baizik eta proba bat izango dela ohiturak nola aldatu diren ikusteko eta nola aldatu daitezken ikusteko. 2019rako gauza berriak pentsatzen hasiak dira, honi guztiari jarraipena emateko, eta pixka bat entitatetara begira jarri dira, norbanakoetara baino gehiago. Beraz, itxiera emango zaio, baina betiere aurrera begira.