Mont de Marsaneko espetxera gerturatu dute Ekaitz Sirvent

Zarauzko Hitza 2018ko api. 12a, 12:28
'Ekaitz 0 km' dinamikaren argazki jendetsua (Aritz Mutiozabal).

Duela bi aste Tarasconeko espetxetik Reaukora lekualdatu zuten preso zarauztarra.

Tarasconeko espetxean (Okzitania, Frantzia) zegoen Ekaitz Sirvent preso zarauztarra, eta azken bi asteak Reauko presondegian pasatu ondoren, atzo arratsaldean Mont de Marsango kartzelera (Akitania, Frantzia) lekualdatu zuten. Zarauztik 672 kilometrora egotetik 160 kilometrora gerturatu dute.

2009an apirilaren 10ean atxilotu zuten Parisko Montparnasse geltokian, ETA kide izatea leporatuta, eta bederatzi urte daramatza preso. 2013ko abenduan epaitu zuten Parisen, eta 18 urteko zigorra ezarri zioten zarauztarrari, enpresariei iraultza zerga ordainarazten saiatzea egotzita.

Zarauzko Sarek Ekaitz 0 km dinamika jarri zuen abian iazko urte amaieran, Sirventen egoeraren berri eman, salbuespen neurrien eta urruntzearen eraginak salatu zein haren etxeratzea eskatzeko.