Eider Peñagarikano: «Harreman afektiboak ere landu daitezke masajearen bidez»

Zarauzko Hitza 2018ko api. 13a, 08:00
Eider Peñagarikano kiromasajista.

Estetika mundutik abiatu bazen ere, esperientzia pertsonaletan oinarrituta, terapia alternatiboek erakarri zuten Eider Peñagarikano kiromasajista. Orain, horretan dihardu buru-belarri.

Zein izan da lanbide honetan izan duzun ibilbidea?
Estetika ikasketak egin nituen lehenengo, eta ondoren kiromasajean zentratu nuen nire karrera. Hemeretzi urte nituela hasi nintzen estetika eta kiromasaje lanetan, eta lana utzi nuenean, terapia alternatiboen kurtsoak egiten hasi nintzen, gaur egun arte. Kinesologia, reflexologia... Pertsonalki, asko lagundu zidaten horrelako terapiek. Duela bi urte eta erdi, orain erabiltzen dudan lokalean lanean hasteko beta izan nuen, eta gustura nago hemen lanean.  

Zeuretzat ikasten hasi zinen eta zerbitzuak besteei eskaintzen amaitu zenuen, beraz. Nola eman zenuen pauso hori?
Ez medizina tradizionalak, ezta alternatiboak ere ez dute miraririk egiten, baina terapia alternatiboak oso onuragarriak dira eta niri asko lagundu didate aurrera egiten. Ikusten duzunean terapiaren batek zugan eragin positiboa daukala, sinetsi egiten duzu metodo horretan, eta behin sinesteak, besteei transmititzeko indarra ematen dizu. Hala izan da, behintzat, nire kasuan.

Zeintzuk dira eskaintzen dituzun zerbitzuak?
Orotariko masajeak ematen ditut, metodo ezberdinak erabiliz. Oineko masaje ugari ematen ditut, eta kontrakturak gorputz osoan zehar tratatzen ditut. Cyriax metodoa erabiltzen dut,  ezarpen neurologikoak... Reflexologia da gehien erabiltzen dudan metodoa masajea ematerakoan. Estresaren aurkako masajeetarako Reikia erabiltzen dut, energia unibertsala. Lanketa hau egiteko, kinesologia erabiltzen dut. Duela gutxi, berriz, Shantala masaje ikastaroak ematen hasi naiz.

Zer da Shantala masajea?
Haur jaio berrientzako masajea da Shantala. Erlaxatu egiten ditu haurrak, kolikoak eta tripako minak baretzen dizkie, gaueko loa hobetzen laguntzen die, psikomotrizitatea lantzen du, digestio prozesua hobetzen du... Onura izugarri dauzka, baina guztietan garrantzitsuena gurasoen eta haurraren arteko lotura afektiboaren indartzea da.

Jatorriz, indiarra da masajea. Federic Laboyer ginekologoak ekarri zuen Indiatik hona. Hara egindako bidaia batean, Shantala izeneko emakume bat ikusi zuen masaje hau bere haurrari egiten, eta hortik bere izena. Han kontu tradizionala da, belaunaldiz belaunaldi emakumeek ikasi egiten dute masajea, beren amek erakutsita.

Zilbor hestea erortzen den unetik jaso dezakete masajea haurrek, baina guraso gehienek nahiago izaten dute haurrak hiru hilabete inguru izan arte itxarotea. Haurrak berak uzten duen arte jaso dezakete masajea, zenbat eta handiagoa izan, gehiago mugitzen baita haurra, eta zailagoa izaten da masajea ematea.

Nola erakusten diezu masajea ematen?
Nik ez diet umeei masajerik ematen, gurasoei erakusten diet nola eman. Panpina batekin egiten dut, eta gurasoak benetako haurrari ematen dio, ni erakusten noan bitartean. Masajearen amaieran, bainatu egiten dugu haurra, honek erlaxatzen laguntzen baitio. Etxean edo lantokian eman dezaket ikastaroa, gurasoei aukeran uzten diet, beti ere, tratu pertsonalizatua emanez. Esperientziak erakutsi dit, horrelako terapia bat hobe dela modu intimoan bizi, kalitatezkoagoa izateko.

Azpimarratu nahi nuke masaje hau ez dagoela bereziki amei bideratuta. Haurrarekiko lotura afektiboa duen edozein pertsonak egin dezake. Are gehiago, protagonismoa gurasoetan haurrarekin gutxien egoten denak izan dezan ahalegintzen gara, eta kasu askotan, aita izaten da hainbat arrazoirengatik lotura hori sendotzeko beharra duena.