"Espaziora bertaratzeko grinaz" ospatuko dute XX. Astronomia Astea

Zarauzko Hitza 2018ko api. 15a, 09:00
Eguzki behaketa egiten, iaz, Munoa plazan (Zarauzko Hitza).

Lau hitzaldi eskainiko dituzte datorren astean, eta larunbatean, apirilaren 21ean, behaketak egingo dituzte.

Apirilaren 17tik 21era izango da XX. Astronomia Astea, Arkamurka Natura Elkarteak antolatuta, eta, ohi bezala, hitzaldiek eta behaketek osatuko dute egitaraua. Aurten, ordea, "espaziora bertaratzeko grina" dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, "txikitatik izan dugu guztiok espaziontzi bat eraiki eta izarretan zehar bidaiatzeko grina. Txikitatik komikiek, pelikulek eta, nola ez, gure imaginazioak eraman gaitu. Aurten amets horren ildoan gatoz", nabarmendu dute, eta, hain justu ere, programatu dituzten hitzaldiek ildo horri helduko diote.

Astronomiaren inguruko informazio okerren inguruan ariko da solasean Ilatargi Astronomia Taldeko Manu Arregi, asteartean. José Félix Rojas zientzialariak Cassini misioari buruzko bere azterketa eta datuak jakitera emango ditu, asteazkenean. Proiektu berriei buruz ere hitz egingo dute, gizakia Martitzera eramatea kasu; Iñigo Elorza Arkamurka Natur Elkarteko kidea arduratuko da horretaz, ostegunean. Azkenik, ostiralean, Arkamurkako beste kide batek –Alfredo Sayalerok– eguzki eklpise izango du hizpide. Hitzaldi guztiak Arkamurkaren aretoan iznago dira, 20:15etik aurrera.

Larunbatean, astea biribiltzeko, behaketak egingo dituzte egunez eta gauez, eguzkia, izarrak eta planetak ikusteko. "Etorri nahi baduzue nahi adina bidaia txartelak dauzkagu, doan gainera", jardueretan parte hartzeko gonbita luzatu dute antolatzaileek.


EGITARAUA
Apirilak 17, asteartea
Astronomia ikasiz, fakenews-en bidez hitzaldia, Manu Arregi Ilatargi Astronomia Taldeko kidearen eskutik. 20:15ean, Arkamurkaren aretoan.

Apirilak 18, asteazkena
El legado de la misión Cassini hitzaldia, José Félix Rojas EHUko irakasle eta Grupo de Ciencias Planetariaseko kidearen eskutik. 20:15ean, Arkamurkaren aretoan.

Apirilak 19, osteguna
Etxetik at hitzaldia, Iñigo Elorza Arkamurka Natur Elkarteko kidearen eskutik. 20:15ean, Arkamurkaren aretoan.

Apirilak 20, ostirala
Zarauztik Wyoming-era eguzki eklipsea ikustera hitzaldia, Alfredo Sayalero Arkamurka Natur Elkarteko kideren eskutik. 20:15ean, Arkamurkaren aretoan.

Apirilak 21, larunbata

  • 12:00etatik 14:00etara, eguzki behaketa, Munoan. Teleskopio bereziekin eguzkia behatu eta haren inguruko azalpenak emango dituzte.
  • 21:00etan, Santa Klara atzeko aparkalekuan, gau behaketa, zerua aztertu asmoz.