Udalak Santa Klarako komentua erosteko interesa agertu du

Zarauzko Hitza 2018ko api. 16a, 16:07
Santa Klara komentua. (Zarauzko Udala)

Santa Klarako mojen kongregazioaren jabetzakoa den komentua, kulturgunea eraikitzeko eraikin "aproposa" dela iritzi du Xabier Txurruka alkateak. Klaratar ordezkariekin elkartu da, udalak komentua erosteko duen interesa adierazteko.

Udalak Santa Klarako komentua, inguruko eraikinak eta partzelako azalera osoa erosteko duen interesa adierazi die klaratar ordezkariei. Aurreko elkarrizketa batzuetan, mojek alkateari adierazi zioten euren lehentasuna "udalak eraikina eskuratu eta Zarauzko herriarentzat interes orokorreko erabilerara zuzentzeko akorioa lortzea" zela.

Santa Klarako komentua 1611n hasi ziren eraikitzen eta 1625ean amaitu. Eliza beranduago eraiki zuten, 1656an. Eraiki bitartean, Lermatik etorri ziren mojek Narrosen hartu zuten ostatu, sortzailearen jauregian, eta bertan ezarri zen Klaratarrek sortutako Gipuzkoako lehen komentua.

Kulturgunearentzat "aproposa"

1999an udalak klaratarren eskutik euren baratzeen zati bat eskuratu zuen, eta hauek, geroago, Salberdingo eremuaren garapenera txertatu zituzten. 2016an, komentuko atean 199 metroko lorategi eremu bat eskuratu zuen udalak, Santa Klarako mojek sinatutako akordio baten bidez, Santa Klarako pasabidea kentzeko lanak burutu ahal izateko.

Udalak partzela osoa eta eliza, klaustro inguruko komentua eta alboan dituen lau eraikin txikiak eskuratzeko interesa azaldu du. Eraikitako azalera 4.500 metro koadro ingurukoa da eta horma inguratuta dagoen partzela osoaren azalera 14.000 metro koadro ingurukoa. Ondoz-ondo dauden eraikinetako batzuk kendu egin daitezkeela azaldu du udalak, "ez datozelako bat bestelako eraikinekin eta ez dutelako balore arkitektonikorik multzo originalaren bolumetriarekin alderatuta".

Txurrukaren iritziz, "udalak komentua eskuratuko balu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean ideia lehiaketa bat deitu beharko luke, interesa duen arkitekto orori irekia, udal teknikariek adostutako programa bat oinarri hartuta. Era berean, herritarrei zuzendutako parte hartze prozesu bat irekiko genuke, zarauztarrek euren lehentasunak zein diren adierazi dezaten. Gerora, Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kalean dauden eremu libreetara txertatzea da udalaren helburua, "Zarauzko bihotzean birika berde handi bat sortzeko". Eraikinaren eta lorategien erosketa "kulturgune publiko moderno eta berritzaile bat eraikitzeko aukera paregabea" dela adierazi dute.

Besteak beste, Udal Artxiboa, ikasketa gelak, mediatekak, Kultura saileko udal bulegoak, Hizkuntza Eskola Ofiziala edo 600 ikusle inguruko auditorio bat bertan kokatzeko toki "aproposa" dela aipatu dute, askotan, tamaina handiko ekitaldiak "espazio arazoengatik mugatuta geratzen baitira".

Txurrukak ideia hauek guztiak klaratarren ordezkariei adierazi dizkie. Egun, udalak klaratarren kongregazioarekin harremanetan jarraitzen du eta datozen hilabeteetan negoziazioekin aurrera egitea espero dute. Mojek, bestalde, komentuko salmentatik lortutako dirua Oñatiko Bidaurretako klaratarren komunitatera bideratzeko nahia adierazi diote alkateari, izan ere, 2017ko ekainean Zarauzko komentuko azken lau mojak bertako komunitatera batu ziren. "Bi aldeen nahiak beteko dituen akordio batera iristea dela helburua, eta beraz, gai hau lasaitasunez eta pazientziaz hartu behar dela uste dut, presarik gabe eta hirugarren pertsonen injerentziarik gabe. Izan ere, une honetan horrelako esku-hartzeek ez dute onik egiten negoziazio prozesuan", hala gehitu du Txurruka alkateak.