"Benetan garrantzitsua zera da, euskararen alde egotetik egitera pasako garela egun horietan"

Zarauzko Hitza 2018ko api. 17a, 10:43
Atzo arratsaldean egin zuten iganderako deialdia (Amaia Urbieta)

Euskaraldia egitasmoa aurkeztuko dute igande eguerdian Munoan. 12:00etan haur jolasak izango dira, 12:30ean ekitaldia, eta triki-poteoarekin amaituko dute aurkezpena. Atzo bertarako deialdia egin zuten Udalak eta hainbat eragilek.

23.200 biztanle ditu Zarautzek, eta hiru laurdenak euskaldunak dituela azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean Nekane Iribar Euskara zinegotziak. "Datuak ikusita, espero zitekeen zarauztarrok ditugun elkarrizketa gehienak euskaraz izatea, baina ez da horrela gertatzen. Euskaraz badakigu, baina ez dugu horrenbeste erabiltzen". Elkarrizketen erdiak bakarrik egiten dira euskaraz Zarautzen, Iribarrek emandako datuen arabera.

"Egoera hori hobetzeko tartea badago, eta horretarako batuko ditugu gure indarrak: bai udalarenak, bai hainbat euskalzalerenak".

Hala, Udalak eta herriko hainbat eragilek hilabete batzuk badaramatzate elkarlanean Euskaraldirako beren buruak prestatzen eta herriko eragileei Euskaraldiaren berri ematen. "Euskaraldia gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da", gogorarazi zuen.

"Labur esanda, lortu nahi dena  da euskaraz dakien orok euskaraz egin ahal izatea, eta ulertzen duen orok, euskaraz egin ahal izatea ahalbidetuko dio egin nahi duen orori". Hitz horiekin azaldu zuen egitasmoa Rita Aldabaldetrekuk. Bera da Euskaraldiaren Zarauzko dinamizatzailea eta Gipuzkoako koordinatzailea. "Benetan garrantzitsua da, egun horietan euskararen alde egotetik egitera pasako garela".

"Guztia errespetuz eta adeitasunez" egingo dela azpimarratu zuten Aldabaldetrekuk eta Iribarrek.

Igandean aurkeztuko diete herritarrei

Datorren igandean, apirilak 15, Munoan aurkeztuko dute egitasmoa, herrira zabaltzeko asmoak. 12:00etan haur jolasak egongo dira, eta 12:30ean aurkezpena egingo dute.

Besteak beste, ekitaldi horretan herriko 11 pertsona aurkeztuko dituzte, euskararen arloan erreferenteak diren 11 herritar. Horien aurkezpen bat egingo dute.

Bertsoak ere izango du bere tokia, Andoni Egañak eta Nahikari Gabilondok abestuko baitute. Amaierari festa kutsua emango diote, triki poteo batekin.

Izen-ematea irailean hasiko da

Herritarrek irailaren 20tik aurrera eman ahalko dute izena Euskaraldirako. Txapa bat eskuratuko dute, Ahobizi edo Belarriprest, euskara mailaren eta konpromiso mailaren arabera.

Bitartean, batzorde bat lanean ari da dena prestatzen. Aldabaldetrekuk azaldu zuen batzorde horretan ordezkatuta daudela herriko taldeak eta udala, eta talde motor bat ere badagoela. Uda arte barrura begira ariko dira lanean, eta udazkenean ekingo diote parte hartzaileei txapak banatzeari eta taberna, denda eta halakoei nolabaiteko bereizgarriak emateari.

Bestalde, Euskaraldiaren prestaketan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik dituela esan zuen Aldabaldetrekuk, eta batzordean parte hartzera gonbidatu zituen. Hilean behin elkartzen dira. Interesa duenak mezua bidali dezake zarautz@euskaraldia.eus helbidera.

Gonbidapen zehatza ere egin zuen Aldabaldetrekuk: "Gonbidatu herriko elkarte, eragile eta bestelako taldeak, Euskaraldiaren sustatzaile izateko. Honek zer esan nahi du? Bada, konpromisoa hartzen dela talde horretako pertsonei egitasmoaren berri emateko eta haiek Euskaraldira erakartzeko".

Iazko ekainean hasi zuten bidea herrian. Kike Amonarrizen hitzaldia antolatu zuten hiztunen aktibazioaz solasteko, eta ekitaldi hura inflexio puntutzat jo du Iribarrek. "190 lagun inguru bertaratu ziren hitzaldira, eta horietatik 100ek parte hartzeko konpromisoa hartu zuten".