Iratxe Oliden: «Mailaz igotzean badakizu mantentzea zaila dela»

kudeatzailea 2018ko api. 18a, 08:00
Iratxe Oliden futbol jokalaria (Maria Maya Manterola).

Zarauzko Futbol Taldeko nesken kapitaina da Oliden. Espainiako Bigarren Mailara igo zen iaz taldea, eta denboraldia bukatzeko partida bakarra falta zaie. Berriz ere kategoriaz jaitsiko direla espero du.

Zarauzko Futbol Taldeko nesken kapitaina da Iratxe Oliden oriotarra. Espainiako Bigarren Mailan lehiatzeko txartela lortu zuten iaz, eta aste honetan bertan amaituko dute denboraldia. Berriz ere mailaz jaitsiko direla uste du Olidenek. Zarauzko futbol taldean jokatzen duten arren, Urola Kosta osoko zein kanpoko futbolariek osatzen dute taldea.

Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna?
Haurrak ginela baloiarekin pasatzen genituen eskolako jolas garai guztiak. Bosgarren eta seigarren mailan finalerdietara iritsi ginen hondartzako futbol txapelketan, eta finala eta Gipuzkoako txapelketa ere irabazi genituen.  Gerora zalantzak izan nituen futbolean jarraitu ala arraunean hasi. Kuadrillako bost infantiletan hasi ginen Zarautzen, eta hor jarraitu dut nik. Beste batzuk Oriora itzuli ziren.

Espainiako Bigarren Mailarako txartela lortu zenuten iaz. Nola iritsi zineten horra?
Bi denboraldiko proiektua izan zela esan daiteke. Entrenatzaile berri bat etorri zen, eta berak ekarri zuen jendea. Lehenengo urtean Euskal Ligan laugarren postua lortu genuen, ordura arte beti jaistekotan ibili ginen... Eta gero, denboraldi hori amaitzean, bi fitxaje berri egin genituen. Hasieran Oiartzun B taldea indartsu zegoen, eta zaila izan zen bere mailara iristea, baina lortu genuen.

Beraz, aurrez jarri zenuten helburua izan zen maila horretan jokatzea?
Egia esan, ez genuen bigarren mailan jokatzeko helburu hori jarri, baina ohartu ginen ez zela ezinezkoa. Denboraldia aurrera joan ahala konturatu ginen pixkanaka posible zela.

Nola ekin zenioten denboraldiari bigarren mailan?
Unai Martinez hasi zen gu entrenatzen, bere laguntzaileekin batera. Jende berria etorri zen, eta aurrez zeuden beste jokalari batzuek utzi egin zuten. Talde berria osatu genuen horrela, talde gaztea, eta gogoz hasi genuen denboraldia.

Igoera fase horren ondoren, bigarren mailarako  jarri zenituzten aurreikuspenak betetzen ari direla esango zenuke?
Berriz lehengo kategoriara itzuliko gara datorren denboraldian. Guztiok nahi dugu mailaz igotzen garenean bertan mantendu, eta entrenatzaileak saiatu dira guri lana eginarazten hori lortzeko, baina ez dugu lortu. Proiektua hor dago, eta lanean jarraituko dugu.

Igotzen zarenean beti dakizu goian mantentzea zaila izango dela, inork ez dizula ezer oparituko. Gainera, jende askorentzat  kategoria berri bat da, jende gaztea baitaukagu taldean... Nik uste dut gehiago egin genezakeela, baina gauzak ez dira atera.

Partida bakarra geratzen zaizue denboraldia amaitzeko.
Bai, asteburu honetan amaituko dugu. Pauldarrak taldearen aurka arituko gara. Beraiek asko jokatzen dute, eta kategoriaz jaitsi ala ez daude. Gu presiorik gabe joango gara, baina partida irabaztera. Denboraldia bigarren mailan ondo bukatu nahi dugu, sentsazio onarekin. Beti saiatu nahi izan dugu, eta aukera bat hor dugu. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Jaitsi ginenean helburu txikiak jartzen hasi ginen talde barruan.

Azken bi urte hauetan taldea asko aldatu dela esango al zenuke?
Badakit aurten ez gaudela gure kategorian dagoen mailan. Baina taldea hobetu dela esango nuke. Ez dut uste jokalariak eta entrenatzaileak maila honetarako prest ez gaudenik, beste arrazoi batzuk daude tartean: ez dugu entrenatzaileek nahi zutena ulertu, ez dugu nahi zutena egin, ez zaizkigu gauzak nahi bezala atera...

Espainiako Bigarren Mailan jokatzeak irakaspenik eman al dizue?
Emaitzei dagokienez, gogorra izan da urtea. Bidaia asko eta luzeak egin ditugu: egun osoak pasa ditugu taldekoekin. Azken finean, irabazten duzunean dena da errazagoa. Hala ere, gauza positibo asko atera behar ditugu urte honetatik. Asko ari gara ikasten, edo hortan saiatzen ari gara. Horrela jarraitu beharko dugu datorren denboraldira begira, zerbait txukuna egin nahi badugu.

Jokalari batzuekin jokatu dugun lehenengo urtea izan da. Ni, adibidez, batzuekin hamar urtez jokatzen aritu naiz. Pixkanaka zeure burua ezagutu behar du­zu, eta jakin ona zertan zaren eta zertan huts egiten duzun. Ondokoak ere jakin behar du, eta hortan ari gara, elkar ezagutzen  pixkanaka-pixkanaka.

Zein izan da azken urte hauetako momenturik onena?
Iaz Bizkerreri irabazi genion unearekin geratzen naiz. Nahiz eta partida horretan ez ginen kategoriaz igo, Bizkerreren aurka jokatutako partida horrek eman zigun igoera.

Eta okerrena?
Denboraldi honetan ez dut momentu txarrik pasa, baina lesioak izan dira okerrena. Lesionatzen zarenean hor egon nahi duzu, jokatzen, batez ere taldea gaizki dagoenean. Ezin egote horrek amorrua ematen du. Eta aurten lesio asko izan ditugu, gainera.

Asteburu honetako partidaren ondoren, zer?
Hurrengo astean Oiartzunen aurka jokatuko dugu Euskal Herriko Kopako sailkapenerako. Horren ostean, hemendik bi astera, Euskal Ligako taldeen kopa jokatuko dugu.

Hamar urte baino gehiago daramatzazu Zarautzen futbolean. Jarraitzeko asmoa duzu?
Beste urte batez bai gutxienez, gerora ikusiko dut.

Emakume futbolari bezala, nola ikusten duzu genero ikuspegia futbolean?
Aurten klubak neskenganako apustua egin duela iruditzen zait. Kadeteek ere gurekin debutatu dute bigarrengo mailan. Jende askok izan du aukera hori. Azken urte hauetan pausoak eman direla iruditzen zait, baina oraindik lan asko dago egiteko eta asko dugu borrokatzeko. Gure partidak ikustera ez da jende asko etortzen, baina ni ere ez naiz joaten kadete neskak ikustera. Hala ere, kirol guztietan gertatzen da hori.

Zarauzko Futbol Taldean jokatzen duzu, baina zarauztar gutxi dago taldean...
Aurten jendea Urnietatik eta Lasartetik ere etorri zaigu. Kategoriaz igo ginenean Urola Kosta guztiko jendea genuen taldean. Orain, berriz, eskualdetik kanpoko jendea ere etorri da. Entrenatzaileak ere Donostiatik datoz, eta beraiek ere ezagutzen zuten jendea ekarri dute. Denetarik dago.