Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailerrak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2018ko api. 19a, 08:00

Osasuna sustatzeko helburuarekin, ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak antolatu dituzte datorren maiatzerako.

Datorren maiatzerako tailer berriak antolatu ditu Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Zerbitzuak, ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko. Zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskainiko dizkiete ongizaterako bidea lantzeko. Horrez gain, tailer hauek "guzak partekatzeko, hobeto sentitzeko eta irtenbideak aurkitzeko guneak" izango dira.

Bi ikastaro berri eskainiko dira datorren maiatzean. Lehenengoaren izena Hilekoaren zikloaren erritmora. Lau ilargiak gugan, izango da. "Emakumeen bizipenak, kezkak eta kuriositateak kontuan hartuta, hilekoaren zikloa eta emakumeon gorputzean gertatzen diren prozesuak hobeto ulertzea" izango da ikastaro teoriko-praktiko honen helburua, baita parte hartzaileek hilekoa prozesu natural gisa ikustea ere. Ikastaroa Ainhitz Gerrikagoitiak eskainiko du, euskaraz, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Maiatzaren 3tik 31ra bitartean egingo dituzte saioak, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. Matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da eta gutxienez 10 pertsona eta gehienez 16 pertsonako taldea osatu beharko da.

Bigarren tailerra Gurasoen banatzea barneratzen laguntzeko gakoak izenekoa izango da. "Egoera hauek estresa eta sufrimendua dakarte familiako kideentzat askotan, eta hori kontuan hartuta, tailer hau antolatu dugu, egoera honi aurre egiteko gakoak eskaintzeko". Hala azaldu du, Miren Letamendia Osasun eta Prebentzio zinegotziak. Tailer hau Mireia Centenok eskainiko du, aurrekoaren leku berean, euskaraz zein gaztelaniaz. Euskarazko taldea maiatzaren 8tik 29ra bitartean elkartuko da, astero, 17:00ak eta 18:30a bitartean, aurreko tailerreko leku berean. Gaztelerazko taldea, aldiz, 18:30etik 20:00etara bitartean elkartuko da, euskarazko taldearen egun beretan. Tailer honetako matrikularen prezioa ere 15 eurokoa izango da, eta taldeko pertsonak gutxienez 10 eta gehienez 16 izan ahalko dute.

Parte hartzeko interesa duen pertsona orok apirilaren 26a baino lehen egin beharko du, e-posta bidez, prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Informazio gehiagorako, Prebentzio sailaren webgunean eskuratu daiteke edo 943005127 telefono zenbakira deitu.