Zortzitik lau eskualdekoak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko api. 19a, 10:06
Ezkerretik eskuinera, Peritz, Albizu, Labiano eta Alkorta. (Amaia Urbieta Arruti)

Eskualdeko lau bertsolari sailkatu dira Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera. Bihar jokatuko dute finala, Lasturren, bertso afari formatuan.

Bi zarauztar eta bi azpeitiar sailkatu dira aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako. Bihar jardungo dira Lasturren ospatuko den finalean kantari. Aurtengoan, bertso afari formatuaren aldeko apustua egin dute; alegia, afalostean, mahaiaren beste aldetik abestu dute bertsolariek kanporaketa guztietan, eta halaxe jardungo dute finalean ere. Kanporaketetan berria ez den arren, finalean estreinakoz erabiliko dute formatu hau. Formatuaz gain, aurtengo finalaren testuingurua ere berezia izango da. Apirilaren 20tik 22ra Lasturren antolatu duten Gipuzkoako bertso eskoletako gazteen egonaldiaren egitarauaren barruan sartu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala. Imanol Albizu, Uxue Alkorta, Oihana Labiano eta Aner Peritz dira eskualdetik sailkatutako lau bertsolariak, eta zortzikotea osatuz, haiekin batera jardungo dira Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Oihana Arana eta Aitor Tatiegi.

Guztira, bost kanporaketa jokatu dituzte finalaren aurretik, eta saio horietako irabazleek eta puntuazioz sailkatutako hiru bertsolariek lortu dute bihar jokatuko den finalerako txartela.