Uxue Alkorta: «Kanporaketan kantatu ostean, bidea amaituko nuela espero nuen»

Zarauzko Hitza 2018ko api. 19a, 10:13
Uxue Alkorta (Amaia Urbieta Arruti).

Uxue Alkorta ere Zarauzko Etxe-beltz eta Motxian bertso eskoletako kidea da. Aurten hartu du parte lehenengo aldiz Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta estreinako urtean, finalerako zuzeneko txartela lortu du zarauztarrak. Orioko saioa irabazi zuen Alkortak, eta harekin batera, Josu Ibarguren, Igauri Lopetegi, Itziar Mendia eta Aimar Sorazu jardun ziren kantari Aldapa Elkartean.

Zarauztarrak ez zuen finalerako txartela eskuratzerik espero. «Nire saio berean Zarauzko bertso eskolako beste kide batek ere kantatu zuen, eta normalean antzeko mailan jarduten dugu, baita Orioko saioan ere, eta nire erreferentzia hori zenez, ez nuen uste berak baino puntu gehiago lortuko nituenik».
ç
Orain arte egunerokoan finala ez du oso presente eduki, baina jendeak gaia aipatzen dionean «tentsio apur bat» antzematen duela azaldu du. Gainera, sailkapena ere sorpresaz etorri zaio, alegia, bere kanporaketan kantatu ostean bidea amaituko zitzaiola uste bazuen ere, orain prestaketak, entrenamenduak eta urduritasunak luzatu zaizkio. Peritz eta Alkorta astean hirutan elkartzen dira, batzuetan Motxian bertso-eskolako kideekin kantatzen dute, eta gainontzeko egunetan, buruz buru jarduten dute.

Finalera begira, saio txukuna eginez gero «gustura» geldituko dela azaldu du Alkortak. Bertso afariaren formatuari dagokionez, «arraroa» iruditzen zaiola esan du, baina orain arte erabili den areto formatuarekin alderatuta, agian, giro lasaiagoan aritzen lagunduko diela uste du. «Lagunarteko giro bat sortzea da helburua, nahiz eta egonaldira ez doazenek ere izango duten saioa entzutera joateko aukera».  

Erlazionatuak

Zortzitik lau eskualdekoak

Amaia Urbieta Arruti 2018 api 19 Zarautz