Aner Peritz bigarren izan da Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko api. 21a, 08:34
Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finalistak. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Oihana Arana eskoriatzarra izan da txapeldun bigarren urtez. Lehenengo biak Euskal Herriko finalerakoa sailkatu dira.

Lasturren antolatutako Gipuzkoako bertso eskoletako gazteen egonaldiaren barruan jokatu zuten atzo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala. Oihana Arana nagusitu zen bertan; eskoriatzarrak iaz lortutako txapela berretsi zuen. Aner Peritz Manterola sailkatu zen bigarren postuan. Gisa horretan, lehen bi sailkatuek ekainaren 9an saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela erdietsi dute.

Peritzekin batera, Uxue Alkorta zarauztarra aritu zen kantuan finalean, baita Urola Kostako beste bi lagun ere; hau da, Imanol Albizu eta Oihana Labiano azpeitiarrak. Zortzikoa ondorengo bertsolariek osatu zuten: Oihana Arana txapeldunak, Haizea Aranak, Maddi Aiestaranek eta Aitor Tatiegik.