Gaikako zakarrontziak jarriko dituzte haur parkeetan

Zarauzko Hitza 2018ko api. 22a, 09:00
Iban San Martin zinegotzia, Torre Luzeako parkean jarri dituzten gaikako zakarrontziak erakusten. (Zarauzko Udala)

Ohiko zakarrontziak erabili dituzte gaikakoak prestatzeko, eta koloretako tapak jarri dizkiete, organikoa, ontziak, papera eta errefusa jasotzeko direla bereizteko.

Udalak gaikako zakarrontziak jarriko ditu datozen asteetan herriko haur parkeetan. Guztira, 27 parkeetan jarriko dituzte hondakinak gaika birziklatzeko puntuak, eta Asti kirolgunean ere lau puntu atonduko dituzte; dagoeneko hasi dira jartzen, besteak beste, Torre Luzeako parkean. Gaika sailkatzeko puntu bakoitzak organikoa, ontziak, papera eta errefusa jasotzeko zakarrontzi bana izango du, eta koloretako tapekin ezberdinduko da bakoitza.

Zerbitzu zinegotzi Iban San Martinek azaldu duenez, gaikako zakarrontzi horiek prestatzeko ohiko zakarrontziak hartu eta tapak aldatu dizkiete. Plastic Omnium enpresa arduratu da kolore ezberdinetako tapak egiteaz, 1.693,88 euroko (BEZ barne) kostuarekin. Gainera, erabiltzaileek argiago izan dezaten hondakin bakoitza non bota behar duen, frakzio bakoitzaren izenarekin pegatina bana jarri diete tapa bakoitzari.

Herritarrei birziklatzeko erraztasunak eskaintzeaz gain, ekimenak funtzio pedagogikoa duela azaldu du Zerbitzu zinegotzi Iban San Martinek: "Lehenik eta behin ikastetxeetako patioetan gaikako zakarrontziak jarri genituen, haurrek koloreak ezagutu eta dagokion frakzioarekin erlazionatzeko hondakinak sailkatzeko garaian. Gure asmoa eginkizun pedagogiko honekin jarraitzea da".

Era berean, zinegotziak azpimarratu du udal kale garbitzaileek gaikako zakarrontzien puntuetako hondakinak jaso eta kaleko edukiontzietara botako dituztela. "Hala, herriko haur eta helduek hondakinak birziklatzeko egiten duten esfortzuak eta konpromisoak jarraipena izango du".