Euskaraldia

11 egunez euskaraz egiteko konpromisoa

Zarauzko Hitza 2018ko api. 22a, 15:43
Euskaraldia egitasmoaren aurkezpenera bertartu direnen familia argazkia (Aritz Mutiozabal).

Euskaraldia egitasmoa aurkezteko eta herrira zabaltzeko ekitaldia egin dute eguerdian, Munoa plazan jarrita dagoen karpan. Era berea, euskararen arloko 11 herritar erreferente aurkeztu dituzte.

Marian Galarraga eta Marije Zumeta aritu dira aurkezle lanak egiten, Euskaraldian ezinbesteko izango diren Ahobizi eta Belarriprest figurak irudikatzen dituzten panpinekin batera. Umore giroan, baina gaiaren seriotasuna nabarmenduz aritu dira azaltzen azaroaren 23tik abenduaren 3ra proposatzen den "ariketa soziala". Alegia, "11 egunez euskaraz dakiten guztiek euskaraz hitz egitea nahi dugu eta euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egitea".

Ekitaldian, gainera, euskararen arloan erreferenteak diren 11 herritar aurkeztu dituzte. Euskaraldia hitza osatzen duten hamaika hizkiak ordezkatuz, eta hizki bakoitzarekin egitasmoa bera definitzen duen hitz bat plazaratu dute banan-banan: Horacio Chacinek Aldaketa; Su Limk Aniztasuna; Ainhoa Muruak Baikortasuna; Camen Hernandezek Taldea; Marimar Manterolak Erabilera; Sara Rubiok Ibilbidea; Fausto Berazadik Aktibazioa; Xabat Olaizolak Etorkizuna; Anjel Lertxundik Elkarlana; Mikel Kazalisek Ikusgarria; eta Xabier Txurrukak Lurraldea.

Jarraian, esketx batzuekin irudikatu nahi izan dute Ahobizi (euskaraz dakiena) eta Belarriprest (euskaraz ulertzen duena) izatea zer den, eta urte amaierako 11 egun horietan nola jokatu beharko luketen herritarrek, modu batera zein bestera izena emanez gero. Irailaren 20tik aurrera eman ahalko da izena, eta herritarrek txapa bat eskuratuko dute, Ahobizi edo Belarriprest dela adierazi, norbere euskara mailaren eta konpromiso mailaren arabera.

Ekitaldia hasi aurretik haurrei zuzendutako aisialdiko jarduerak izan dira, eta, bukaeran, Andoni Egaña eta Nahikari Gabilondo bertsolariak aritu dira kantuan. Karpatik irten eta triki poteorekin jarraitu aurretik, familia argazkia atera dute bertaratu diren guztiekin.