Berrikuntza tresnei buruzko ikastaroa antolatu dute langabeentzat

Zarauzko Hitza 2018ko api. 23a, 13:31

215 orduko ikastaroa da, eta izena ostirala baino lehen eman behar da. Urola Kostako Udal Elkarteak antolatu du eta maiatzaren 2tik ekainaren 22ra izango da, goizez.

Berrikuntzan ikastaro aurreratuan landuko dira "edozein enpresatan berrikuntza lantzeko beharrezkoak diren konpetentzia, ezagupenak eta tresnak". Hala adierazi du prentsa oharrean Urola Kostako Udal Elkarteak. Bestalde, jakinarazi du diru laguntza lortu ahal izango dutela ikastaroa egin duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresek.

Ikastaroa 215 ordukoa da, eta maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 22an amaituko da. 09:00etatik 14:00etara izango dira eskolak, udal elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Abendaño industrialdea).

Parte hartu nahi duenak ostiral honetarako eman behar du izena (apirilak 27), eta hainbat baldintza bete behar dira: goi mailako ikasketak edukitzea edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izatea; eskualdean erroldatua egotea (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia); Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan alta egoeran egotea eta langabezia egoeran egotea; eta Internet eta programa informatikoen ezagutza nahikoak izatea.