'Lagun artean ibilbide gastronomikoa' asteburu honetan abiatuko da

Zarauzko Hitza 2018ko api. 26a, 17:23
Gazte batzuk Barren plazako giroan murgilduta. (Zarauzko Udala)

Maiatzeko zubian Zarautzera etorriko diren bisitariei zuzenduta dago ibilbide hau eta larunbatean eta igandean izango dira saioak.

Lagun artean ibilbide gastronomikoa martxan jarriko dute asteburu honetan. Maiatzeko zubian Zarautzera hurbilduko diren bisitariei zuzenduta egongo dira saioak, eta eXperientziak! enpresak antolatuko ditu.

Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak azaldu duenez, "asmoa ibilaldian parte hartzen duten bisitariei koadrila zer den, euskaldunon harremantzeko moduan nola eragin duen eta euskaldunoi identitate propioa ematen diguten bestelako jarduerak nola sortu izan diren azaltzea da".

Esperientzia honetan parte hartzeko bi saio eskainiko dira: lehena, apirilaren 28an, larunbata, 19:00etan hasi eta 20:30a arte, eta bigarrena, apirilaren 29an, igandea, 12:30etik 14:00etara. Ibilbidean zehar herriko erdiguneko hainbat taberna eta elkarte gastronomiko bat bisitatuko dituzte. "Koadrilak poteoan nola aritzen diren azaldu nahi diegu bisitariei: botea jarri, pintxoak eta edariak tabernaz taberna hartu...".