Zarata eztabaidagai

Amaia Urbieta Arruti 2018ko api. 26a, 19:21
Zarauzko zarata mapa aurkeztru zuten asteazken arratsaldean (Amaia Urbieta Arruti).

Zarauzko zarata mapa aurkeztu dute Etxezabalan. Bertan, hamabost herritar inguru eta udaleko zenbait ordezkari elkartu dira, ikerketaren emaitzak eta iritzi ezberdinak partekatzeko.

Akustika arloan aditua den AAC enpresa herriko zarata mapa osatzeko lanean aritu da azken hilabeteotan, eta asteazkenean aurkeztu zuten Etxezabalan eginiko bilera irekian. Ikerketa hori egiteko, zarata iturri diren bi esparru nagusi bereizi dituzte. Alde batetik, errepideek –batez ere, A-8 autobidea–, industriak eta trenbideak eragindako zarata aztertu dute, eta, bestetik, taberna inguruetako aisialdi guneek eragiten dutena, zehazki, Barren plazan nahiz inguruko kaleetan eta Munoa plazaren inguruan.
 
Azterketa egiteko, aisialdiaren esparruari dagokionez, udako zein neguko hemezortzi egunetan erregistratu dute seinalatutako guneen zarata maila, sonometro batzuen bidez, egun guztian zehar. Errepideen eta trenbidearen zarata mailak, berriz, bertatik igarotzen diren ibilgailu moten eta abiaduraren bidez kalkulatu dituzte.

Bi bereizketa horiez gain, eremu akustiko ezberdinak ezberdintzen dira, bakoitzari dezibelio muga ezberdinak ezartzen baitizkio legediak. Eremu horiek dira osasun, hezkuntza eta kultura erabileretakoak, bizileku guneak, hirugarren sektoreko erabilerarako guneak, jolasetarako eta ikuskizunetarako guneak eta industria guneak.

Errepideen, trenaren eta industriaren inguruan egindako azterketan ondorioztatu dute autobidea dela soinu iturri nagusia. Ondorio horrekin bat egin zuten zarata maparen aurkezpenera bertaratutako herritar gehienek. Soinu honek «gehien kaltetutakoak» Azken Portu Goiko bi­zilagunak dira, eta bertan kokatutako panel akustikoen eragina «ez dela nahikoa» esan zuten batzuek. Bestalde, zenbait herritarrek kezka azaldu zuten errepideen zarataren inguruko ikerketa kalkulu bidez egin dutelako, soinuak erregistratu beharrean. Horrek «errealitatea ez duela islatzen» esan zuen zenbaitek.

Neurririk gabeko gaua

Aisialdiari dagokionez, legeak zehaztutako mugak orokorrean gainditu egiten dira Barren plazan eta Munoa inguruan. Barren plazan erregistratu dira dezibelio maila altuenak, eta azaldu dutenez, «plazaren tipologiak eta eraikinen materialek eragin handia dute zarata mailan».

«Urtean 11 egunez baimenduta dago zehaztutako dezibelio mailak gainditzea», azterketa egin duen enpresak adierazi zuenez. Datuek erakutsi dute, ordea, erregistratutako hemezortzi egunetatik 11 baino gehiagotan gainditzen direla ezarritako mugak.

Herritarrek gaueko soinuaren inguruan azaldu zuten kezka gehien. Datuen arabera, gauez, herriko biztanleriaren %13a kaltetzen du kutsadura akustikoak. Aurkeztutako kexa nagusiak tabernetako musika altuagatik eta autoritatearen «erantzun ezagatik» izan dira. Gauetan ezin dutela lorik egin jakitera eman zuten askok. Horrez gain, bestelako kexak aurkeztu dituenik ere izan zen; esaterako, Parrokiko kanpai-hotsak aipatuz.
 
Aurkezpenean zeuden Udal Gobernuko ordezkariek azaldu zuten proiektu honen helburua arazoari aurre egitea dela, eta horregatik egin dituztela neurketak udako zenbait egun indartsutan. Horrez gain, arazo honen inguruan zabalduko duten prozesu parte hartzailea bultzatzeko, udalaren webgunean eskuragarri dagoen inkesta betetzera gonbidatu zituzten herritarrak.