Zarauzko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak adierazi du pentsioen %1,6ko igoerak frogatzen duela euren eskakizunetan "demagogiarik ez zegoela eta badagoela dirua arazoak konpontzeko". Hala ere, EAJren erabakien aurrean "kezkaturik" agertu dira, Alderdi Popularraren aurrekontuak onartzeak Pentsio Sistema Publikoa "arriskuan" jarriko baitu.
"Zigortuak berriro ere pobreak direla" salatu dute, 1.080 eurotik beherako pentsioak mantenduz. Horrez gain, Pentsio Sistema Publikoa mantentzeko dirua "badagoela" baieztatu dute, eta arazoa "errenta eta patrimonioen artean dauden ezberdintasunak ondo banatuko dituen erreforma fiskalik eza" dela. Bestalde, 2008 eta 2016 artean "soldata baxuenak %28 jaitsi direla" salatu dute, eta azken bi urteetan, "estatuko aberatsenen %1ak sortutako aberastasun guztiaren %40a bereganatu duela".
Pentsio sistema duina bermatzeko neurriak ere proposatu dituzte. Iruzurrari amaiera ematea, gainsoldatekin amaitzea eta zergak ordaintzeko trikimailuak galaraztea dira haietako batzuk. Gainera, kalitatezko enpleguak sortzeak pentsiodunen egoera hobetzen lagunduko lukela ere adierazi dute, soldatenigoerak pentsioentzat biltzen den diru kopurua handituko lukeelako eta ondorioz, kontsumitzaileen erosmen ahalmena bultzatuko litzatekeelako.
Jeltzaleek Alderdi Popularraren aurrekontuak onartzeak "neurri hauen aurkakoa" suposatzen duela azaldu dute, eta horrek, "atsekabetu" egiten ditu Zarauzko Pentsiodunen Plataformako kideak.
Azkenik, zorionak eman nahi izan dizkiete pentsiodun guztiei, "indarrez eta kemenez" pentsioen igoera lortu dutelako. Bide berdinetik jarraitzeko asmoa adierazi dute, 1.080 euroko pentsio duina, emakumeen eskubideak, soldata justuak eta bestelako aldarriei etengabe eutsiz.