Euskal letretan ainguratzeko parada eskainiko du Literaturiak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 3a, 15:04
Literaturia jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, Tobacco Days liburu dendan. (Aritz Mutiozabal)

Maiatzaren 24tik 27ra ospatuko dute aurtengo jaialdia. Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’ omenduko dute haurrentzako Literattipia literaturaren festan.

Aingura izango da aurtengo Literaturiaren gaia eta haria. «Berez da elementu metaforikoa, oso gai erabilia literaturan. Guk erabili dugu oso zentzu zabalean: zertara ainguratu, nondik askatu, zenbat kostatzen zaigun, nora joateko...», azaldu du gaur Literaturiako kide Ana Galarragak, Donostiako Tabakalera eraikinean dagoen Tobacco Days liburu dendan eginiko agerraldian. Bosgarren urtez Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz, eta maiatzaren 24tik 27ra ospatuko dute, euskal idazle, argitaletxe eta irakurleen topaleku izan dadin.

Jaialdia egokitzen eta hazten joan da urtetik urtera, baina bere hiru ardatz nagusiei –ikuskizunei, aurkezpenei eta azokari– tinko eusten die. Orain arte, Modelo aretoan eskaini izan dituzte emanaldiak, baina eraberritze lanetan ari direnez, Antoniano aretoa erabiliko dute.

Iaz haurren gunea atondu zuten estreinakoz Musika Plazako kioskoan, Jon Braunen Tipia izenez, eta aurten esperientzia errepikatuko dute, «are toki handiagoa eta egitarau oparoagoarekin». Maite Frankok, Miriam Mendozak eta Juan Kruz Igerabidek ipuinak kontatuko dituzte, eta irakurle txokoa ere jarriko dute, begirale batekin. Maiatzaren 27an, gainera, umeentzako Literattipia literaturaren festa egingo dute, eta Literaturiako kide Itziar Iruretagoiena jakinarazi duenez, herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatu dute. Alde batetik, liburu truke bat egingo dute haurrek, eta bestetik, Jesus Olaizola Txiliku idazle zarauztarra omenduko dute, haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik.


Artze gogoan

Joxean Artze zena izango dute gogoan Literaturiaren irekiera ofizialean, maiatzaren 25ean. «Ainguraren metaforari lotuta, Artze bazen sustraitutako pertsona bat, baina horretatik aske sortzen zuen, eta nahi dugu hortik aurrera bidaiatu», nabarmendu du Galarragak. Andoni Salamero eta Miriam Luki arduratuko dira sarrera ekitaldiaz, eta, jarraian, eMe taldeak kontzertua eskainiko du, Oier Guillanen parte hartzearekin.

Aurkezpenean, gainera, Literaturian ariko diren Andoni Tolosa Morau eta Txakur Gorria taldeko kide Ane Labaka eta Mariñe Etxaniz izan dira. Morauk igande eguerdiko solasaldian hartuko du parte, Anjel Lertxundi eta Maddi Zubeldiarekin batera. Alzeheimerra bezalako esperientzia bat nola sortzen den sormen lan bat izango dute hizpide. «Nahiz eta gaixotasun eta zaintza hitzek atzeraka bota, gauza bizia izango da», azaldu du Morauk.

Txakur Gorria taldeak Lau ikuskizuna eskainiko du, hitzekin nahiz irudiekin jokatuz, eta publikoa parte hartzera bultzatuz. «Esperimentu bat» izango dela azpimarratu dute bertaratu diren bi kideek. Igande arratsaldean izango da, jaialdiko azken saioa: «Beraz, aingura altxatzeko aukera izango da guretzat».

Emanaldi horiez gain, ondorengo hauez ere gozatzeko aukera izango da: Autobiographical poesia-antzerkia, Ane Zubeldiaren eta Eider Adeletxeren eskutik; Biziminak ikuskizuna, Itzel taldearen eskutik; eta Zer hartu ontzitik, itsasoa harri bihurtzen bada lana, Joseviskiyren marrazkiekin eta Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariekin.

Ohi bezala, liburu azoka izango da, udaberriko literatur uztarekin, Musika Plazan, eta liburuen aurkezpen solasaldiak egingo dituzte Garoa liburu dendan. Era berean, bi tailer antolatu dituzte maiatzaren 26rako: bata, itzulpen tailerra eta errezitaldia, eta bestea, euskarazko wikipedia tailerra.

Erlazionatuak

Literaturia 2018, egitaraua

Zarauzko Hitza 2018 mai 03 Zarautz