ETAren desegitea (erreakzioak)

Imanol Lasa: "Indarkeriak eragindako zauriak jostea eta zubiak berreraikitzea dagokigu orain, enpatiaz"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 4a, 09:39
Imanol Lasa (Aritz Mutiozabal).

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza diputatu Imanol Lasaren balorazioa, ETAren desegitearen inguruan.

“ETAren desegitearekin, gure herriaren historiaren eta bizitzaren aro ilun bat bukatzen da. Sufrimendua, mina eta oinaze handiak eragin dituen aroa. ETAren indarkeria bukatzea da albiste ona da eta zama handia kentzen digu.
 
Etorkizunean jarri behar dugu orain azpimarra. Aro baten bukaerarekin, berri bat hasten da, ate asko zabaltzen dituena. Elkarbizitzan aurrerapauso handiak eman ditugu azken urteetan, 2011az geroztik, baina lanean jarraitu behar dugu berradiskidetzea eta elkarbizitza finkatzeko. Nola? Zintzoki, memoria inklusiboa landuz, eta biktima guztiengandik gertu egonez. Indarkeriak eragindako zauriak jostea eta zubiak berreraikitzea dagokigu orain, enpatiaz. Lanketa horretan topatuko dugu herri honen aspirazioak gauzatzeko eta etorkizuna eraikitzeko giltza”.