ETAren desegitea (erreakzioak)

Joseba Permach: "Aitzakiak amaitu dira; gatazka politikoaren erroari heltzeko aukera paregabea irekitzen da"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 4a, 09:50
Joseba Permach (Aritz Mutiozabal).

ETAren desegitearen inguraun Iratzar Fundazioko kide Joseba Permachek eginiko irakurketa.

"Nire iritziz gaurko [atzoko] ETAren erabakia berri ona da euskal gizartearentzat. Iritzi ezberdinak izango ditugu iraganari buruz, denok ez dugu aukera bera iraganaren inguruan pentsatzen eta sentitzen duguna esateko, baina garrantzitsuena ondoko hau iruditzen zait: lehenik, aro berri bat irekitzeko aukera ematen du. Aitzakiak amaitu dira. Gatazka politikoaren erroari heltzeko aukera paregabea irekitzen da. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko, hau da, herritar orori eragiten dizkiguten erabaki guztiak hartzeko dugun eskubidea berreskuratzeko, unea iritsi da.

Bigarrenik, aurreko zikloa ondo itxi behar da. Lehenik, oraindik orain ihesean edo kartzelan daudenen egoera konpondu behar da. Sufrimenduak lehenbailehen amaitu behar du, haiena eta haien senideena. Eta jakina, era berean, gatazkak eragin dituen biktima guztien min eta zauriak sendatzeko ekimenak eta urratsak behar dira ere.

Beraz, gaurtik aurrera, atzera begiratu beharko dugu sufrimenduarekin behin betirako amaitu eta bake iraunkorra eraikitzeko eta, bereziki, aurrera begiratu beharko dugu eskubide guztiak herritar ororentzat bermatuko duen Euskal Herria guztion artean eraikitzeko."