Sistema berriarekin %30 igo da ondo sailkatutako hondakin kopurua

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 4a, 15:55
UKUEko lehendakari Igor Iturain, hondakin sistema berriaren datuak ematen (Aritz Mutiozabal).

Datu positiboa den arren, zerbitzua hobetzeko lanean jarraituko dutela azaldu du UKUEko lehendakari Igor Iturainek. Datozen hilabeteetarako hainbat hobekuntza egitea aurreikusten dute.

Hondakinak biltzeko sistema berriaren lehen hiruhileko funtzionamendua modu positiboan baloratu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek, "iazko apirileko datuekin konparatuta ehuneko 30 puntu igo da sailkatze tasa". Hain zuzen ere, 2017ko apirilean %38,26 jaso zen ongi sailkatuta kaleko edukiontzietan, eta aurten %68,14 izan da; datuak kontuan hartuta, adibidez, 2017ko apirilean 872.890 tona errefusa eta 129.880 tona biohondakin jaso ziren, ea aurten 334.470 tona errefusa eta 266.340 tona biohondakin. Alde horretatik, herritarrak zoriondu eta eskertu ditu Iturainek, "igoera honen eragileak izan direlako".

Herritarrekin batera, ostalariak, merkatariak eta enpresen arduradunen "ahalegina" nabarmendu du, "pauso hau eman izan ez balute beste datu batzuez hitz egiten arituko ginelako". Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimendueen puntuz putuko bilketan %79,66ko sailkatze tasa lortu da apirilean, eta industrialdeetako enpresen kasuan, berriz, %71,86koa.

Datu "adierazgarriak" direla adierazi du UKUEko lehendakariak, baina zerbitzua hobetzen eta herritarrentzat ahalik eta erosoen izan dadin lanean jarraituko dutela. Lehen hilabete hauetan gorabehera batzuk izan direla gaineratu du: edukiontziontziekin ebakiak edota istriputxoak, zailtasunak edukiontzien tapak irekitzerakoan eta txartelak banatzerakoan, besteak beste. "Baina martxotik hona jaso dugun pertzepzioa da sistema egonkortzen ari dela".

 

Hobekuntzak datozen hilabeteetan

Hori horrela, eta herritarren eskariz, hobekuntza batzuk txertatuko dituzte datozen hilabeteetarako. Nabarmenetako bat da edukiontziak txartel bidez irekitzeko garaian pedal bidez sistema ezartzea: "Hankekin irekitzeko aukera emango du honek, eta eskuak libreago izatea zaborra botartzerakoan. Gainera, gutxieneko ezintasun bat dutenentzako ere hobekuntza bat izango dela uste dugu". Horrez gain, bigarren txartela bat etxe guztietara zabaltzeko aukera aztertzen ari dira; edukiontzietako sarrailen aho-ertzak leunduko dituzte zauriak saihesteko; babesgarriak jarriko dituzten zabor poltsak kateatuta geratu ez daitezen; eta edukiontzien atzealdeak itxiko dituzte, hainbatek hura irekitzen zutelako poltsak botatzeko garaian.

UKUEren hurrengo erronka nagusia udako kanpaina izango da. "Aste Santuan kezka geneukan nola funtzionatuko zuen, eta erantzuna positiboa izan da. Orain, uda begira neurri berri batzuk aztertzen ari gara, izango ditugun bisitariak ere kontuan hartuta. Hala, eskuorri batzuk kaleratuko ditugu hainbat hizkuntzetan, zer lanketa egiten ari garen adieraziz eta kontziente izan daitezen", dio Iturainek. Halaber, udaldian hondartza eta merendero inguruetan sor daiteken gainkarga ahalik eta ondoen bideratzeko neurriak aztertuko dituzte.