Hil honetan hasiko dira Alde Zaharra oinezkotzeko bigarren faseko lanekin

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 5a, 08:00
San Frantzisko kalea (Zarauzko Udala)

Altuna eta Uria S.A. enpresa arduratuko da lanak egiteaz, eta Herrikobarra eta San Frantzisko kaleetako bi zati egokituko dituzte oinezkoentzat. Udalak bizilagunekin eta inguruko merkatariekin nahiz ostalariekin bilerak egingo ditu maiatzaren 10ean.

Udalak Altuna eta Uria S.A. enpresari egokitu dizkio Alde Zaharra oinezkotzeko bigarren faseko obrak. Kasu honetan, Herrikobarra eta San Frantzisko kaleetako bi zati oinezkoentzat egokituko dituzte, Iturribideko bidegurutzetik Zigordiako bidegurutzeraino, hain zuzen ere. 2018ko aurrekontuko inbertsiorik garrantzitsuenetakoa da, 707.733,88 eurorekin (BEZ barne). Hil honetan hasiko dira lanak egiten eta 22 aste iraungo dute.

Xabier Txurruka alkateak nabarmendu duenez, kale berriek herritarrentzat "espazio atsegina" sortuko dute. Agintaldi honetako helburu nagusietakoa bat herriko "bizi-kalitatea hobetzea" dela nabarmendu du, eta helburu hori betetzeko "beste pauso handi bat" izango dela bigarren fase hori: "Lan hauekin gure kaleetako bizitza hobetuko dugu, Alde Zaharreko kale jendetsuenen bi zati oinezkoentzat jartzen, herritarrek espazio honetatik segurtasunez, oztopo arkitektonikorik gabe paseatzeko".

Alkatearen ustez, oinezkoentzat egokitzeak "bizitza" emango dio eremuari, bertako merkataritza eta ostalaritza dinamizatuz. Hala, galtzada harrizko-zoladura jarriko dute, Zigordia kalekoaren antzekoa, irristaketak saihesteko. San Frantzisko kalea Zigordiarekin lotuko dute, egun oinezkoentzat den eremua aregotuz. Gainera, espaloien eta galtzadaren artean dauden tarteak kenduko dituzte, eta fatxadetako kable-sareak gorde, inpaktu bisuala gutxitzeko. Oinezkotzeko lanek irauten duten bitartean obretako materiala Iturribide kaleko aparkalekuan gordeko dute.

Oinezkotzeko obra hau Santa Klarako lur azpiko pasabidea eraikitzeko lanekin batera amaituko dela azaldu du Txurrukak: "Santa Klarako obrak azken fasean sartu dira eta trenbidearen azpitik igaroko den hormigoizko kaxa maiatzean jarriko dute. Guztia aurreikusi bezala badoa, bi obrak –lur azpiko pasabideko eta Santa Klara kalea urbanizatzeko obrak eta Herrikobarra eta San Frantzisko kaleen bi zatiak oinezkotzeko lanak– aldi berean bukatuko dira. Honela, Zarauzko eremu hau guztiz aldatuko da oinezkoen mugikortasunaren eta segurtasunaren mesederako".

Bilerak, maiatzaren 10ean

Udalak obren eragina jasango duten herritarrak eta merkatariak bilera batzuetara deitu ditu lanen plana modu zehatzean azaltzeko. Maiatzaren 10ean, ostegunean, egingo dituzte udalbatzar aretoan: bata, 18:30ean, bizilagunekin eta bigarrena, 20:00etan, merkatariekin eta ostalariekin. "Jakitun gara herrigunean egingo diren obrek eragozpenak sortuko dituztela, baina, gure ustez esfortzuak mereziko du, urteko azken hiruhilekoan emaitzarekin gozatuko dugulako", zehaztu du Txurrukak.