Irristaketak saihesteko tratamendua ematen ari dira Gurmendi plazako lurrari

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 7a, 11:26
Gaur bertan ari dira irristaketak saihesteko produktu berezia ematen (Zarauzko Udala)

Udalak aginduta, garbiketa sakona ari da egiten Prolinor enpresa Gurmendi plazan. Segurtasuna hobetzea da tratamendu horren helburua.

Obra eta Zerbitzu zinegotzi Iban San Martinek ohar bidez azaldu du udala zergatik ari den tratamendu berezia ematen Gurmendi plazako egurrezko lurrari: "Lur hori arriskutsua da oinezkoentzat, batez ere euria egiten duenean, bustitzen denean erortzeko arriskua dagoelako. Arrisku hori murrizteko ari gara lanean".

Udalak Prolinor enpresari adjudikatu dio mantenuaren ardura, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera. Eta, tratamenduari esker, zoruaren segurtasuna hamar urtez bermatuko dela zehaztu du udalak. Dena dela, beharko balitz, bost urtera berriz emango luke tratamendua.

Irristaketak saihesteko tratamenduaz gain, garbiketa sakona ari da egiten eremuan.