Zientziak eta bertsolaritzak bat egingo dute hilaren 15ean, saio berezi batean

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 8a, 12:40

Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi bertsolariak batetik, eta Felix Zubia, Ainara Sangroniz eta Josu Lopez Gazpio zientzialariak bestetik. Jakinduriek Mundua Erreko Dau saioan bat egingo dute denek, Anjel Alkainek aurkeztutako saioan. Doan izango da sarrera.

Hitzordua datorren asteartean da, maiatzaren 15ean, Antoniano aretoan. 19:30ean hasiko da bertsolaritza eta zientzia uztartzen dituen saio berezia, eta hurrengo egunetan Bergaran eta Ordizian egingo dituzte beste saio bana. Bergarakoan Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak hartuko du parte.

Antolatzaieek azaldu dutenez, Bertsozientzia bezala ezagutzen den ekimenak itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi diziplina elkartu nahi ditu. Bizkaian hiru urtez antolatu eta gero, aurreneko aldiz egingo da Gipuzkoan. Jakinduriek Mundue Erreko Dau izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko dituzte emanaldiek eszenatoki berean, hain desberdinak diren bi unibertso (zientzia eta bertsolaritza) elkartzeko, haien mugak gainditzeko eta publiko berrietara iristeko.