Kolore biziak eta guztiak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 8a, 14:33
Zarauztik Mundura kultura aniztasunaren jaia aurkeztu zuten astelehenean. (Aritz Mutiozabal)

Zarauztik Mundura kultura aniztasunaren jaia ospatuko dute larunbatean, udaletxe aurrean. Ongi Etorri Eskolarako kideek kulturartekotasunaren inguruan eginiko lana erakutsiko dute.

Zarauzko kultura aniztasuna erakusteko eta goraipatzeko asmoarekin jaio zen Zarauztik Mundura jaia, eta larunbat honetan XI. aldiz ospatuko dute, Lege Zaharren enparantza bilgune bihurtuta. «Guretzako kultura aniztasuna gure herriak daukan aberastasunik handienetakoa da», nabarmendu du Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak. Urtero bezala, hainbat herrialdetako folklorea, kultura eta gastronomia ezagutzeko nahiz partekatzeko parada izango da. Aurten, gainera, garrantzi berezia eman nahi diote haur eta gazte etorri berriak herrian integratzen laguntzeko eta denon artean kultura eta jatorri aniztasuna onartzen duen gizartea eraikitzeko egiten ari diren lanari.

Ikasturte honetan Ongi Etorri Eskolara programa jarri du martxan udalak herriko bi eskoletan –Antoniano ikastetxean eta Orokieta Herri Eskolan–, zarauztar etorri berrien harrera hobetzeko eta kulturartekotasuna lantzeko.  «Gure helburua da Zarauztik Mundura jaia ikastetxeetan egiten ari den lanaren ispilu izatea», azaldu du zinegotziak.

Ongi Etorri Eskolara proiektuko kide Dorleta Mikeok jakitera eman du beraien egitekoa, eta «gure helburuetako bat da eskolan kulturartekonasunaren inguruan egiten dugun lana herrira ateratzea». Hori horrela, larunbat arratsaldean aurkeztuko dute jendaurrean. Herriko ikastetxeetan proeiktua lantzen ari den Oihane Aisaren esanetan, ikas komunitate osoak hartuko du parte: familiek, ikasleek, irakasleek eta Ongi Etorri Eskolarako kideek. Guztien parte hartzearekin hainbat tailer egingo dituzte: grafia ezberdinak ezagutzekoa, lore koroak egitekoa, Pazkoa arrautzak egitekoa eta henarena. Horrez gain, horma-irudi bat egingo dute esaldi bat idatziz Zarautzen elkarbizi diren hizkuntza ezberdinetan. Arratsaldean, herensuge txinatar batek girotuko du plaza, eta bukaeran txokolatada izango da.


Gastronomia eta folklorea

Aurten zerbait berria eskaini nahi izan dutela azpimarratu du Immigrazio teknikari Julen Arangurenek, «baina aurrekoa ahaztu gabe». Orain arte protagonismo berezia izan dute munduko jakien postuek, eta  aurten ere ez dira faltako eguerdian. Zarauzko bizilagun diren ondorengo herrialdetakoek beren gastronomia eskainiko dute: Nikaragua, Kolonbia, Guatemala, Sahara, Senegal, Peru, Bolivia eta Mexiko, hain zuzen ere.

Jatekoaz eta edatekoaz gain, Donostiako Esperanza Latina elkarteko kideek munduko dantzen erakustaldia eskainiko dute. Elkarteko kide Mertxe Bejarano adierazi du esker onez jaso dutela jaian parte hartzeko gonbidapena. «Nazionalitate ezberdinetako dantzak jasotzen ditugu; esaterako, Mongolia, Honduras, Errusia, Kolonbia, Afrikako hainbat herrialde eta pixkanaka-pixkanaka Hego Amerikako, Afrikako eta Europa Ekialdeko beste folklore batzuk gehitzen ari zaizkigu. Leku bakoitzeko kulturaren lagin bat ekarri nahi dugu plazara».

Gainera, Zarauzko Jalgi dantza taldeak, Palmira dantza taldeak eta Son Candela musika taldeak ere ariko dira jaian. Antolatzaileek bertan parte hartzera animatu dituzte zarauztarrak. Baita astebete geroago, maiatzaren 19an, Gaztelekuan egingo den ohiko munduko janarien bazkarira eta dantzaldira ere; sarrerak 8 euro balio du, eta Gizarte Zerbitzuetan eros daiteke.

Erlazionatuak

Zarauztik Mundura (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2018 mai 08 Zarautz