EH Bildu: "Aldapetako lanak hiru urteko atzerapenarekin datoz EAJren erruz"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 10a, 12:46

Koalizioak "pozik" jaso du Aldapetako etxebizitzak eraikitzen hasiko direnaren berria. Era berean, gogor kritikatu du Zarauzko EAJ, "2015ean EH Bilduren udal gobernuak prest zuen proiektua hiru urtez blokeatzeagatik".

EH Bilduk gogor jo du udal gobernuan dagoen EAJren aurka. Salatu duenez, Aldapetako lanak "hiru urte berandu" hasiko dira, "2015ean eraikitzen hasteko prest baitzegoen proiektua". EH Bildu zegoen udalean orduan, eta obra esleipen pleguetan 60 etxebizitza egitea eta bi igogailu eraikitzea aurreikusita zeuden, baita Santa Ana fundazioarentzat lokalen lagapena ere. "Beharrezkoak ziren txosten tekniko guztiak bazituen udalak, eta maiatzean udalbatzak eta Zarautz Lurreko kontseiluak onartuak zituzten pleguak".

Hala ere, koalizioak ez zituen lanak hasi. Azaldu duenez, hauteskundeak gertu zeudelako hartu zuen erabaki hura. "Hauteskundeak gertu zirela ikusita, EH Bilduk erabaki zuen inori eskuak lotuta ez uztea, eta lanen adjudikazioa atzeratzea, hauteskundeetatik garaile aterako zen udal gobernu berriaren esku uzteko".

EH Bilduren arabera, "EAJk proiektua blokeatu egin zuen eta bertan behera utzi. Eta hiru urtera jarri du berriz martxan, nolabait denbora horrekin bere jarrera politikoa justifikatu ahal izateko". Erabaki horrek herritarren interesak kaltetu dituela azpimarratu du koalizioak.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera, "koloreen araberakoa"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak herriko bi proiektutan hartutako jarrera salatu du EH Bilduk. Esan du "koloreen araberakoa" izan dela haren jarrera. Batetik, Aldapetako proiektuan Jaurlaritzaren Visesa SAren jarrera kritikatu du: "Oraingo proiektuko etxebizitzak Visesak eraikiko ditu; aurreko proiektuarekin, ordea, ez zuen ezer jakin nahi izan".

Bestetik, Santa Klarako trenbide azpiko pasabidea aipatu du koalizioak. "Eusko Trenbide Sareak azpiko pasagunearen kostua erdibana ordainarazi nahi zion Bilduren gobernuari; orain, dena ordaintzeko prest azaldu da".

Koalizioaren ustez, ezin da onartu "herritarren beharrak bigarren maila batean utzi eta kolorearen araberako jarrera klientelista izatea".