Ekainaren 7an zozkatuko dituzte Salberdingo etxebizitza babestuak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 10a, 13:16
Amenabarreko Enaut Saiz eta Xabier Txurruka alkatea. (Aritz Mutiozabal)

Ekitaldi publikoa Aritzbatalde pilotalekuan izango da, 19:00etan hasita. 1.011 eskatzaileren artean 120 etxebizitza zozkatuko dituzte.

Salberdingo lehen etxebizitza babestuen zozketa ekainaren 7an egingo dute, 19:00etan,  Aritzbatalde pilotalekuan egingo den ekitaldi publikoan. Amenabar enpresak eraikitako 120 etxebizitza izango dira: 67 hiru logeletakoak (155.000 euro inguru), 46 bi logelatakoak (116.800 eurotik aurrera) eta 7 logela bakarrekoak (88.000 eurotik aurrrera); guztiak trastelekuarekin eta aparkalekuarekin dira. Etxebiderekin eta Zarauzko Udalarekin elkarlanean zehaztu dituzte zozketako oinarriak, eta 1.011 eskatzaileren artean zozkatuko dituzte, notarioaren eta Xabier Txurruka alkatearen aurrean.

120 etxebizitza dira guztira, baina horietatik zazpi Salberdinen desjabetutako etxejabeentzako dira. Gainerako 113 horietatik bost mugikortasun murriztua dutenentzat izango da; lehenik eta behin etxebizitza horiek zozkatuko dituzte, eta, jarraian, gainerako 107ak. Etxebizitza egokitzen zaien eskatzaileek 15 eguneko epea izango dute onartzeko edo ukatzeko eta agiriak aukezteko. Gainerakoak itxaron zerrendan geratuko lirateke.

Enaut Saiz Amenabarreko sustapenetako arduradunak azaldu du erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana ezinbestekoa dela halako proiektuak aurrera ateratzeko. Urte bukaerarako lizentziak edukitzea espero du Amenabarrek, eta 2021­erako etxebizitzak egitea eta egokitzaileei ematea.

Alkateak adierazi du udaleko Hirigintza Sailetik eginiko lanak bere fruituak ematen hasiko dela hurrengo urteetan, Salberdinekin batera Aldapeta aipatuz, eta «zarauztarrek ikusiko dute urteotan geldirik egon diren sustapenak aurrera aterako direla».