Kamel Ziani eta Lourdes Colomo garaile Zarauzko II. Herri Lasterketan

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 13a, 14:35
Kamel Ziani helmugara iristen (Aritz Mutiozabal).

Zarauztarren artean Guillermo Vahl eta Nerea Mujika izan dira helmuga zeharkatzen lehenak.

Bigarren urtez jarraian, A 3 el Km! taldeak Zarauzko Herri Lasterketa antolatu du, eta gaur goizean jokatu da herrian barna, 116 korrikalariren parte hartzearekin. Aurten, 8,5 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrenak Kamel Ziani oriotarra (28:58) eta Lourdes Colomo (35:39) zizurkildarra izan dira, eta bi garaileak alde politarekin helmugaratu dira.

Gizonezkoetan, Zianiren atzetik iritsi dira Txomin Marañon durangarra eta Jose Antonio Gomez irundarra; bigarren eta hirugarren postuan, 19 eta 34 segundora, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Ioana Osa ondarroarra izan da bigarrena, Colomorengandik minutu eta 13 segundora; hirugarren sailkatu da Laiane Arrospide tolosarra, bigarren postutik 2 segundo eskasera.

Zarauztarren artean, gizonezkoetan, Guillermo Vahl izan da nagusi; bosgarrena izan da sailkapen orokorrean, 30:13ko denborarekin. Bigarrena Tomas Agirre izan da, eta hirugarrena Ibai Berazierto, lasterketaren sustatzeailea. Emakumezkoetan, berriz, Nerea Mujika izan da Zarauzko azkarrena; emakumezkoetan bosgarrena izan da hau ere sailkapenean, 37:41ekoarekin. Bere atzetik, hurrenez hurren, Lide Azkue eta Itziar Freire geratu dira.

Sailkapenak eta denborak ikusteko klikatu gainean.

Erlazionatuak