Bertsolaritza eta zientzia batuko dituzte ekitaldi berean

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 14a, 17:33
ZarautzOneko kide Jose Mari Larramendi, Kultura zinegotzi Nekane Iribar, Felix Zubia medikua eta bertsolaria, eta ‘Bertsozientzia’ ekitaldiaren sortzaile Xabier Artaetxebarria. (Aritz Mutiozabal)

Bertsozientzia egitasmoa antolatu dute estreinakoz Gipuzkoan, eta lehenbiziko saioa asteartean eskainiko dute Zarautzen. Antoniano aretoan izango da, 19:30ean.

2017ko irailean Ana Arrietak Donostiako EHUko Kimika Fakultatean hartu zituen ZarautzOn elkarteko kide Jose Mari Larramendi eta Juan Mari Iraola. «Bizkaian bertsoa eta zientzia batzen zituen hainbat saio arrakastatsu egin zituztela jakin genuen, eta Gipuzkoan hasteko bidelagun bila zebiltzala», azaldu du Larramendik. ZarautzOneko kideek atxikimendua eman zioten egitasmoari, eta bere herri batzuetako elkarteekin elkarlanean, Bertsozientzia. Jakinduriek Mundue Erreko Dau egitasmoa antolatu dute estreinako aldiz Gipuzkoan.

Bizkaian hiru urtez –2015ean eta 2016an, saio bana Bilbon, eta iaz lau saio Bizkaiko lau herritan– antolatu eta gero, aurten Gipuzkoako hiru herritara eramango dute esperientzia. Lehenbiziko saioa asteartean (hilak 15) izango da, Zarauzko Antoniano aretoan, 19:30ean hasita; ostegunean Bergaran, eta Ordizian hilaren 15ean. Saio bakoitzean bi bertsolarik eta hiru zientzialarik hartuko dute parte, eta Zarautzen ondorengoek hartuko dute parte: Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi bertsolariak, batetik, eta Felix Zubia, Ainara Sangroniz eta Josu Lopez Gazpio zientzialariak, bestetik. Anjel Alkainek aurkeztuko du saioa, eta doan izango da sarrera.

«Ohore handia»

Felix Zubia bertsolari eta mediku zarauztarrak aurretik ere parte hartu izan du Bertsozientziako saioetan, eta «izan naizen bi alditan oso ongi pasatu dut». Aurten estreinakoz Gipuzkoan egitea eta lehen saioa Zarautzen izatea «ohore handia» dela gaineratu du.

Dibulgazio moduan hiru hitzaldi labur eskainiko dituzte ekitaldian, 10 minutukoak gutxi gorabehera, modu ulerterraz batean. Hitzaldi eta hitzaldi artean, bertsoak abestuko dituzte, eta amaieran bertso saio bat egingo dute. «Niri uzten badidate, bi gauzak egingo ditut», aurreratu du Zubiak. «Esperientzia oso polita da, baita  zientzialariontzat ere. Gure lanetako batek izan behar du jendeari kultura zientifikoaren eta gauzen berri ematea».

Xabier Artaetxeberria da egitasmoaren sortzailea, eta bere esanetan,  «umoreak ere garrantzia dauka saioan. Helburua da ongi pasatzea, zientziaren eta bertsoaren aitzakiarekin. Hausnartzeko ere aukera izango da, baina umorea oso presente egongo da». Duela 5 urte sortu zitzaion bertsoa eta zientzia uztartzearen ideia, Naukas zientzia dibulgaziorako ekitaldiaren eta bertsolaritzaren arrakasta kontuan izanda. EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren laguntzarekin jarri zuten abian Bizkaian, eta, aurten, DIPC Donostia International Physics Centerren laguntza ere izan dute Gipuzkoan antolatzeko.

«Pozik eta harro» agertu dira ZarautzOneko kideak egitasmoarekin: batetik, Gipuzkoako lehen emanaldia Zarautzen izango delako, eta bestetik, zientzia, bertsolaritza eta euskara uztartzen jakin izan duen egitasmo bat delako Bertsozientzia.

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek zoriondu egin ditu ZarautzOn elkarteko kideak, urte hauetan egiten ari diren lanagatik, eta ekitaldira gonbidatu ditu herritarrak.