Adarretatik musika jaialdi berria egingo dute udan

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 15a, 08:00
Adarretatik jaialdiaren aurkezpenean, Makala, Nekane Iribar eta Oier Aranzabal (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko hiru tokitan eskainiko dituzte kontzertuak uztailaren 20tik 22ra. Besteak beste, Elkano Browning Cream eta Jean Marie Ecay, Akatz, Buffalo eta Rafa Rueda ariko dira zuzenean.

Adarretatik musika jaialdi berria sortu dute, eta uztailaren 20tik 22ra ospatuko da. Oier Aranzabal eta Mikel Unzurrunzaga Makala dira egitasmo berriaren bultzatzaileak, eta oraindik bi hilabete falta badira ere, antolatzen ari direnaren berri eman nahi izan dute. Aranzabalen esanetan, "kultur eta musika munduak kezkatzen gaitu, eta ikusi genuen udan saiatu behar genuela ekimen bat sortzen Zarautzen kultura eta musika erdigunean jartzeko". Halaxe otu zitzaien jaialdia antolatzeko ideia, baina ez dela "nolanahiko" jaialdia izango gaineratu du: "Musikaren ertzak ukituko ditu".

Jaialdia ez da espazio bakar batera mugatuko. Hiru agertoki izango ditu, bakoitza bere ordutegiarekin eta musikalki "bere kolorearekin": eguerditan, Merkatu Plazan, kaleko musika edo proposamen akustikoagaoak izango dira entzungai; arratsetan, Musika Plazan, euskal musika; eta gauetan, itsas pasealekuan, Borghetto parean. Adin guztientzako jendearentzat "interesagarria eta erakargarria" den eskaintza egin nahi izan dute, eskaintza anitza.

Hamabi musika proiektu

Guztira, dozena bat proiektuz gozatzeko aukera izango da hiru egunetan. Makala arduratu da egunez egun toki bakoitzen jardungo dutenen berri emanez, baina jaialdian ariko diren euskal talde baten eta nazioarteko beste baten izenak aurrerago jakinaraziko dituztela azaldu du.

Zarautz Kulturaren babesaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta programarekin kolaboratuko dute, eta haien bitartez, Merkatu Plazan ariko diren hiru artistak ekarriko dituzte: uztailaren 20an, Sara Mansilla; uztailaren 21ean, Juan Valls; eta uztailaren 22an, Oso Fan. Musika Plazan, berriz, Rafa Rueda ariko da uztailaren 20ean, eta hurrengo egunekoa ez dute argitu.

Borghettoko agertokian, berriz, bina talde eta DJ bana ariko dira lehen bi egunetan. Ostiralean, Zarauzko Buffalo taldea eta nazioarteko talde bat, eta bi emanaldien artean DJ Tahira brasildarrak jarriko du musika. Larunbatean, batetik, Elkano Browning Cream taldea ariko da Itoiz taldeko gitarrista izandako Jean Marie Ecayrekin batera, eta, bestetik, 25 urteko biran dabilen Akatz ska taldea; disko jartzaile lanetan, berriz, DJ Budin nafarra izango da. Igande arratsaldean Musika Plazan beharrean itsas pasealekuan izango da emanaldia, Gasteiz Big Banden eskutik.

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek adierazi du udaldirako kultur eskaintza oparoa aurreikusten dutela udaletik –antzerkia, zirkua, kontzertuak eta abar–, eta Adarretatik jaialdia horietako bat dela. "Ilusio handiarekin etorri ziren gugana proiektuaren berri ematera, eta zuten ilusioa eta beren musika ibilbide ikusita, apustu egin genuen jaladia aurrera ateratzeko", nabarmendu du. Antolatzaileek gaineratu dute aurten estreinakoz antolatuko dute egitasmoari jarraipena eman nahiko lioketela datzoen urtetan ere.