Udalak eta ikastetxeek ere bat egin dute LGTBIfobiaren aurkako egunarekin

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 15a, 13:26
Ainhoa Arregi mahai inguruko parte hartzailea (haur transexual baten ama da), Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia eta Edurne Iribar Berritzeguneko arduraduna (Onintza Lete Arrieta)

Ostegunean da gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen fobiaren aurkako eguna. Urtero bezala, ostadarraren banderak jarriko dituzte ikastetxeetan eta udaletxeko balkoian Naizena naizela, onartua lelopean. Horrez gain, mahai ingurua egingo dute astelehenean transexualitateaz, eta herriko hainbat eserleku margotuko dituzte.

LGTBIfobiaren aurkako egunaren garrantzia azpimarratu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak gaur goizean prentsaurrekoan: "Pertsona bakoitzak eskubidea du bere identitate sexuala aldarrikatzeko. Oso anitzak gara pertsonok, baita sexualitatean ere". Aniztasun hori ikusaraztea "oso garrantzitsua" dela gaineratu du, normaltasuna lortzeko bidean. 

Horregatik, ostadarraren koloreak daramatzan banderak jarriko dituzte egunotan ikastetxeetan nahiz udaletxeko balkoian. Kolore horiekin margotuko dituzte, gainera, herriko hainbat eserleku; esaterako, Torreluzea parkeko jarleku bat. Ostegunean elkartuko dira bertan hainbat eragile, 18:30ean, margoketa lanak egiteko.

Transexualitatea eta haurrak mahai ingurua

Bestalde, mahai ingurua ere antolatu du udaleko Parekidetasun Sailak. Transexualitateaz ariko dira, haurtzaroa eta nerabezaroa ardatz hartuta, gaiarekin harreman zuzena duten hiru lagun: Chloe Cruz zarauztarra (16 urte ditu eta transexuala da); Ainhoa Arregi zarauztarra (11 urteko haur transexual baten ama da); eta Bea Server (Chrysallis elkarteko kidea, sexologoa eta haur transexual baten ama).

Saioa astelehenean izango da, 18:30ean, Antoniano aretoan.

Udalak eskerrak eman dizkie hizlariei, beren bizipenak kontatzera animatzeagatik.

Hezkuntza arloaren garrantzia

Horrez aparte, gaia hezkuntza arloan lantzearen beharra azpimarratu du Edurne Iribarrek. Berritzeguneko arduraduna da, eta gogoratu du LGTBI ikasleek "bazterketa eta jazarpena" jasaten dutela ikastetxe eremuan. "Horrelako egoerek eragin handia izaten dute ikaslearen hezkuntza prozesuan. Horregatik, oso inportantea da gaia hausnartzea eta lanketa egitea ikastetxeetan".

Azaldu du tutoreek unitate didaktikoak badituztela gaia lantzeko, eta garrantzia eman dio, Vazquezek bezala, LGTBIfobia ikusaraztearekin, "arazoak azalera ekartzen ditugunean, gai izaten garelako horiei aurre egiteko".

Hain zuzen, haur transexual baten ama da Ainhoa Arregi zarauztarra, eta prentsaurrean izan da Vazquezekin eta Iribarrekin batera.

Asteleheneko mahai inguruan parte hartuko du bere familiaren esperientzia kontatzeko, eta eskerrak eman dizkio udalari, horrelako egitasmoak antolatzeagatik. Bestalde, bere laguntza eskaini du, antzeko egoeran dauden familiei aholkuak eman edo laguntzeko.