Azken Portu Goiko igogailuaren pasarela eta Santa Klarako lur azpiko pasabideko hormigoizko kaxoia jarriko dituzte larunbat honetan. Bi lanek trenbidea guztiz moztea eskatzen dutenez, aldi berean egiteko koordinatu dira, mozketa bakarra eginez garraio publikoan ahalik eta gutxien eragiteko. Lanekin ostiralean hasiko dira, 23:00 aldera, eta asteburu osoan jarraituko dute, egunez nahiz gauez. Ondorioz, Zarautz eta Zumaia arteko trenbide zatia itxi egingo dute igande goizera arte. Bitarten horretan, garraio zerbitzua bermatze aldera, autobusak jarriko ditu Euskotrenek ibilbide hori osatzeko.
Igogailuaren pasarela –45 metroko luzera duen pieza– ostegun gauean ekarriko du garraio berezi batek Gasteiztik; autobidetik iritsiko da eta Nafarroa kalea gurutzatuko ondoren, San Inazio kaletik igaro eta Salbide auzoko Iturribide kalera sartuko da, Bizkaia kaletik. Ostiral goizean pieza kamioitik atera eta lurrean utziko du garabi batek. Hala, Iturribide kalea eta Erribera Zaharra kalea itxita egongo dira, ostegun gauetik astelehen (maiatzak 21) arratsaldera arte. Era berean, ezingo da autorik aparkatu osasun zentroko biribilgunetik Iturribide kaleko 18 zenbakira arte. Lanak egiten diren bitartean, segurtasuna bermatzeko asmoz, oinezkoek ezingo dute bertatik igaro. Garabia astelehenean kenduko dute, eta 18:00etan trafikoa berriz irekitzea aurreikusten da.
Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du asteburu hau "giltzarri" izango dela herriarentzat "garrantzia handikoak" diren bi obra horietan. Bere esanetan, Azken Portu Goiko irisgarritasuna bermatuko du igogailuak eta mugikortasuna hobetu Santa Klarako azpiko pasabideak: "Bi obrek iparra eta hegoa batuko dituzte trenbidea Zarauztik igarotzen den bi puntutan".