Gaur aurkeztu dute duela urtebete eratzen hasi ziren Dibertsitate Funtzionalaren mahaia. Udaleko ordezkariek, zenbait elkartek, gurasoek eta boluntarioek hartu dute parte prozesu honetan, eta proiektuaren helburu nagusia dibertsitate funtzionalaren sentsibilizazioa bultzatuko duten ekimenak burutzea da.
Gautena Elkartearen Urdinduz ekitaldia Zarautzen antolatu zuten iaz, eta hura izan zen Dibertsitate Funtzionalaren Mahaitik bultzatutako lehen ekimena. Abian jarriko duten sentsibilizazio kanpainaren lehen urratsa Osasun Mahaiarekin elkarlanean osatutako gida bat izango da. Gida eskuragarri egongo da Herritarren Arreta Zerbitzuan, Gizarte Zerbitzuetan, Aritzbatalde Kiroldegian eta Sanz Enea kultur etxean.
Proiektu hau gauzatu ahal izateko ardatz nagusienetako bat dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteen gurasoak dira, Miren Letamendia zinegotziak azaldu duenez. "Udaletik ulertzen dugu guraso hauek direla euren seme-alaben beharrak ondoen ezagutzen dituztenak eta, beraz, hauen parte hartzea ezinbestekoa dela uste dugu". Aspace, Atzegi, Gautena eta Ortzadar elkarteek ere hartu dute parte prozesuan, baita Kirol Egokituko Federazioak ere. Elkarteen ordezkari Jose Luis Madrazok nabarmendu du elkarte bakoitzak bere esparrua duen arren, ezaugarri konkretu batzuk dituzten pertsonak lagntzeak batzen dituela guztiak. Ana Aranda boluntarioen ordezkariak, berriz, boluntario bezala lana egiten dutenean identifikatzen dituzten arazoak nabarmendu ditu: "Paseo bat ematean, parkeez gozatzean edo herriko jaietan parte hartzean konturatu gara hauetako asko ez direla irisgarriak zarauztar askorentzat. Irisgarritasun hau lortzea erronka bat da guretzat eta mahai honen bitartez erronka hauek bideratzea da gure helburua".