Zerk bultzatu zaitu zure bizipenak azaltzera?
Besteei laguntzeagatik da. Jendeak jakin behar du ez daudela bakarrik. Internet hor dago eta oso lagungarria da. Ate asko irekitzen dizkizu, baina ez da nahikoa. Zarautz herri txikia da, eta egongo da norbait egoera horretan.
Hamasei urte hauetan, zein izan dira zuretzat oztopo handienak?
Gaizki pasatu nuen LHtik DBHrako aldaketa horretan. Oraindik ez nuen aldaketa egin [neska gisara aurkeztu bere burua], baina jazarpen psikologikoa egiten zidaten, beste askori egiten dioten bezala. Bullyng-ak min asko eragin dezake, jazarpena fisikoa izan gabe ere. Nik gaizki pasatu nuen, bereziki DBH1etik 2ra bitartean. Izan ere, garai horretan estereotipo bat sortzen dute gaztetxoek, gizartearen eraginez. Eta estereotipo horretatik kanpo dagoen guztia erasotzen dute. Askotan, gainera, informaziorik eduki gabe, eta horrek pertsonalki min asko ematen dit. Gainera, gazteak ez dira kontziente zenbat min eragin dezaketen hitzarekin bakarrik.
Eta, jazarpen psikologiko horren aurrean, zer?
Niri horrek indartu egin ninduen. Izan ere, ni jostailu bat bezalakoa nintzen; denek manipulatzen ninduten zerbait egiteko, eta nik beti baietz esaten nuen. Huskeria dirudi, txikikeriak, baina pertsonalki, bidaia horrekin landu nuen zer egin, zer ez, zer utzi eta zer ez... Oso erraza da entzutea kasurik ez egiteko, baina gero, momentua iristen denean, ez da egiteko hain erraza. Gaizki pasatu nuen, baina bizitzarako indar handia lortu nuen.
Zuk aldaketa orain dela urtebete egin zenuen, ezta?
Bai, hala da. Lehenagotik neukan pentsatuta, baina publikoki orain dela urtebete kontatu nuen: gurasoei eta lagunei kontatu nien. Dena bota nuen, ezin nuen gehiago.
Eta bitartean? Oso gogorra izango zen zuretzat, ezta?
Bai, oso gogorra izan da, egun osoa giltzarrapoarekin egotea bezalakoa baita. Publikoki esandakoan, berriz, sekulako lasaitua hartzen duzu. Esan duzu, eta sentitzen duzu bideari ekin diozula. Zerbaiten hasiera da.
Etxekoentzat onena nahi izaten da, baina, kalean, zer moduz?
Nik uste nuen zailagoa izango zela. Gogorrena ez, baina urduritasun gehiena pasatu nuena izan zen eskolakoekin partekatzean. Baina, esan beharra daukat, gelakoei esan aurretik eskolako koordinatzailearekin egon nintzela. Hark esan zidan irakasleei esateko ezer egin aurretik. Izan ere, ikastetxe gehienak ari dira saiatzen gaia lantzen.
Eta zer pauso eman ziren ikastetxean?
Chrysallisek hainbat dokumentazio eraman zuen ikastetxera, eta dena planifikatu genuen. Hala, egun batean Gehitukoak etorri ziren transexualitateari buruzko azalpenak ematera, eta amaieran, koordinatzailea agertu zen gelara. Esan zuen gelan bazegoela pertsona bat zerbait azaldu nahi ziena denei, eta nik hartu nuen hitza, sentitzen nuena esateko.
Zer moduz atera zen?
Oso ondo joan zen, nire lagunak han egon ziren nirekin, nire ondoan. Garrantzitsuena hori iruditzen zait, norbait edukitzea ondoan. Ezin dugu dena guk irentsi. Beste batzuetan ez da ondo ateratzen. Garrantzitsuena pausoa ematea da, hortik aurrera dena irekitzen hasten da.
Aurrera begira, nola ikusten duzu zure egoera? Zer oztopo ikusten dituzu?
Ni pozik nago. Orain, beste pertsonetan jarri behar da fokua, eta haiei lagundu. Hori da garrantzitsua. Nik pausoa eman dut.