Santamarinak 2018

Mende erdia Santa Marina kolorez janzten

Amaia Urbieta Arruti 2018ko mai. 18a, 08:00
1968an atera zuten estreinakoz Santa Marinako karroza. (Santa Marinako jai batzordea)

Aurreko astean eman zieten hasiera Santa Marinako festei. Asteburu honetan danborrada eta desfilea ospatuko dituzte, eta, aurten, duela 50 urte lehen aldiz karrozan atera zirenak izango dituzte gogoan.

Karroza koloretsua da Santa Marinako festetakoa, Zarauzko gainontzeko festetatik bereizten dituen ezaugarri nagusia. Aurtengoan, 50 urte beteko dira auzoko gazteek lehenengoz festetarako karroza atera zutenetik. Juanita Lertxundi izan zen 1968ko  festetako erregina, eta berarekin batera, Begoña Kortajarena, Mari Jose Arana, Nekane Urdanpilleta, Amaia Azpiazu eta Luisi Ameztoi igo ziren karroza girotzera.

Oraingo festak garai hartakoekin alderatuta oso ezberdinak badira ere, Santa Marinako egungo jai batzordeak gogoan hartu nahi izan ditu lehen karroza hartara igo ziren emakumeak, eta banderaren igoeran omenduko dituzte, gaur arratsaldean. Luisi Ameztoik  gogoan du lehen aldiz karrozara igo zen urte hura. «Nik hogei urte nituen, eta garai hartan ezkonduak soilik izan zitezkeen erreginak».

Santa Marina kalea asko aldatu da harrezkero. Esaterako,  gaur egun bertan topa daitezken etxe asko kale-baserriak ziren garai hartan. Haietako bat zen Kirkilla baserria, Ameztoiren jaiolekua. «Auzotar guztiok antolatzen genituen festak, eta herri osoa ateratzen zen kalera, udaberriko lehen festa giroko egunak izaten zirelako». Festarako modua asko aldatu bada ere, bi elementu nagusik jarraitzen dute Santa Marina festetako egitarauaren lehen lerroan: danborradak eta karrozak.

Ohorezko Dama izan zen Ameztoi lehen karroza hartan, eta 1982an erregina moduan igo zen karrozara. «Festa hauek oso bereziak ziren, herri osoak hartzen zuen parte. Kontzertuak, zaku lasterketak, sokamuturra... Gauza asko antolatzen genituen». Zarauztarrak ohitura du Santa Marina egunean bere etxera itzultzekoa, eta maitasun handiz hitz egiten du bere sorlekuaz. «Ni bertan jaio nintzen, eta izugarri maite dut Santa Marina».

Banderaren igoeran bertan egoteko proposamena «ilusio handiz» jaso duela adierazi du Ameztoik. «Polita da gutaz gogoratzen direla jakitea. Izan ere, ospatzeko modukoa da karrozaren 50. urteurrena, eta hau bezalaxe, guztia ospatu behar da bizitza honetan».


Aurtengoa prest

Urtero karroza atontzeaz arduratzen direnetako bat da jai batzordeko kide Aizpea Agirrezabalaga, eta auzolanean egindako proiektu bat izaten bada ere, ordu asko igarotzen ditu Santa Marinako bizilagunak festa egunerako karroza prest egon dadin.

«Ez dugu irizpide zehatzik jarraitzen karroza dekoratzeko orduan, bileretan bururatzen zaiguna egiten dugu. Duela urte batzuk, adibidez, karrozara jai batzordeko mutilak igotzea pentsatu genuen, eta halaxe egin genuen», nabarmendu du.

Aurten, lehen aldiz irten ziren haiek gogoan hartzea izan da, eta, horregatik, gaur arratsaldeko banderaren igoeran bertan izango dira omendutako emakumeak. Agirrezabalagak azaldu duenez, karrozaren dekorazioa ere bat etorriko da 50. urteurrenarekin. Edonola ere, aurtengoan karrozara igoko diren herritarren izenik ez du argitu, «sekretua» izaten baita.

Erlazionatuak