"Gaur egun beharrezkoa da irakurzaletasuna bultzatzea"

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 18a, 11:25
Ezkerretik hasita, Oiane Egiguren, Ana Galarraga, Itziar Iruretagoiena, Yoseb Peña eta Nekane Iribar. (A. Urbieta)

Astebete eskas falta da Literaturia jaialdia abiatzeko, eta asteburu osorako egitarau oparoa prest daukate antolatzaileek. Donostiako Tobacco Days liburu dendan eginiko agerraldiaren ondoren, Zarauzko Garoa liburu dendan izan dira lan taldeko kide batzuk, aurtengo berrikuntzen nondik norakoak azaltzen.

Labetik atera berri diren  eskuorriekin, Literaturiaren gune estrategikoa den Garoa liburu dendan aurkeztu dute aurtengo egitaraua Oiane Egiguren, Itziar Iruretagoiena, Ana Galarraga, Yoseba Peña eta Nekane Iribarrek.

Udalaren izenean eskerrak ematen hasi du agerraldia Nekane Iribar zinegotziak, Euskal Letren Plaza Zarautzen izatearen garrantzia eta ohorea azpimarratuz. Oihana Leunda zarauztarra izan da aurtengo kartelaren egilea, eta Aingura izan da aurtengoan aukeratu duten ardatza. Ana Galarragak azaldu duenez, "aingurak eskaintzen duen metafora zabal horri modu ezberdinean heldu dio emanaldi bakoitzak".Modelo Aretoko obrak direla eta, emanaldiak Antoniano aretoan izango dira, haurren ekitaldiak eta liburu azoka Musika plazan, eta jaialdiaren hirugarren hanka, liburu aurkezpenak, Garoa liburu dendan bertan izango dira.

Jaialdi hau gauzatu ahal izateko laguntza eskaintzen duten herritar guztiak ere izan ditu gogoan Galarragak, besteak beste, Arrano eta Txiki Polit tabernak.

Literattipia, etxeko txikienen txokoa

Aurtengo berrikuntza nagusiak umeen egitarauan kokatu dituzte. Iaz arte haurrei bideratutako ipuin kontaketak egiten ziren, baina aurtengoan Literattipia deitu dioten ekitaldi berri baten aldeko apustua egin dute, eta Itziar Iruretagoienak bi helburu nagusi azpimarratu ditu. "Batetik, Txiliku idazlea omendu nahi dugu haur literaturan izan duen ibilbideagatik, eta bestetik, kontsumotik haratago joanez, umeek euren etxeetatik ekarritako liburuekin elkar truke bat egingo dugu". Urtero idazle ezberdin bat omentzeko asmoa dutela ere azaldu du Iruretagoienak. Imanol Urbietaren abestiekin girotuko dutela Literattipia, eta amaitzeko, kalejira bat eginto dute.

"Badakigu umeek gero eta estimulo gehiago dauzkatela, makinatxo gehiago, jolas gehiago... Gaur egun ume asko liburutara gerturatzea ez da batere erraza, eta euskal liburuetara are gutxiago. Tarte bat eskaini nahi diogu horri, irakurzaletasuna bultzatzea garrantzitsua eta beharrezkoa dela iruditzen baitzaigu."

Azkenik, Yoseba Peñak azaldu du aurtengoan umeen gaiari heldu badiete ere, datorren urterako erronka gazteak erakartzea izango dela.