Astelehenean, maiatzaren 21ean, hasiko ditu Alde Zaharreko kaleak oinezkoentzat egokitzeko lanak Altuna y Uria enpresak. San Frantzisko eta Herrikobarra kaleak, eta Zigordia kalearen zati bat egokituko dituzte oinezkoentzat. 22 aste iraungo dute lanek, eta Xabier Txurruka alkateak azaldu du lan hauek aurtengo aurrekontuko inbertsiorik garrantzitsuenetakoa direla. 707.733,88 euro bideratuko dira Alde Zaharra oinezkotzeko bigarren faseko obra hauetara.
Bigarren fase honen barruan, lehen pausua izango da Udaberri Jubilatuen Elkartearen eta Gizarte Zerbitzuen eraikinaren artean dagoen eremua oinezkoentzat egokitzea. Zati horren lanetarako aurreikusitako epea bost astekoa da, beraz, hurrengo asteazkenetik, maiatzaren 23tik, aurrera, Zigordia kalerantz doazen ibilgailuak Salegi kaletik bideratuko dituzte.