Orokieta Herri Eskolak eta Zarautz Kirol Elkarteko Xake Sailak antolatu dute, hirugarrenez, Eskolarteko Xake Festa. 10:00etan hasita, zortzi eta hamasei urte arteko gaztetxoek hainbat partida jokatu zituzten atzo egun osoan zehar Orokietako frontoian.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 150 gaztetxok hartu zuten parte atzo festan. Zarauztarrez gain, Urola Kostatik (Azkoitia, Azpeitia, Aia, Getaria) eta beste hainbat herritatik ere bertaratu ziren jokalariak: Donostiatik, Santurtzitik, Barakaldotik, Hendaiatik, Irundik, Eibartik, Arrasatetik, eta abar.
Puntu gehien, azkenean, ondorengo gaztetxoek eskuratu zituzten: Zuhaitz Gimenezek alebinetan; Gorka Tafallek benjamietan; eta Aitor Beorlegik, infantil-kadetetan.
Antolatzaile lanetan ere dozenaka lagun ibili zen; xake klubeko 18 kide eta Orokieta Herri Eskolako 30 guraso eta irakasle, hain zuzen.
Kontxi Aizarnari oroigarria
Partiden azkeneko txanda hasi aurretik, ekitaldi xume bat egin zuten, Xake Festaren abestiaren egileei eskerrak emateko. Imanol Urbietak "hil aurretik egindako azken kanta" izan zen, eta horregatik, gogoan izan zuten atzo. Kontxi Aizarna alargunari oroigarria eman zioten. Gainera, horrek ere hartu zuen parte abestiaren osaketan.
Baina ez Aizarnak bakarrik. Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten honako hauei ere: Ane Sarasuari (ahotsa), Antxon Sarasuari (baxua, gitarrak, teklatua eta koroak), Ander Zulaikari (bateria eta koroak), eta Victor Sanchezi (grabaketa, ekoizpena eta masterizazioa).