ZASTeko junior mutilek Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 23a, 09:55

Igandean jokatu zen finala, eta Zarautz Saskibaloi Taldeko mutilek Easo Begitek taldea mendean hartu zuten. Hala, zarauztarrak dira Gipuzkoako txapeldun.

Gaska kiroldegian, Donostian, jokatu zuten norgehiagoka Joannes Gonzalez de Txabarriren mutilek. Partida parekatua aurreikusten zen, eta halaxe suertatu zen. Atsedenaldira 30-33koarekin iritsi ziren, zarauztarrak aurretik zirela.

Fisikoki zuten aldea baliatuz, pixkanaka partida beren aldera eraman zuten eta bukaeran gozatzeko aukera izan zuten, jokalari guztiek minutuak izan baitzituzten, baita finalera laguntzera joandako kadeteek ere. Bukaeran 52-58 zarauztarrak garaile izan ziren.

Eskolarteko finala

Larunbatean jokatu zen LH6ko mutilen finala. Zintzilik zegoen norgehiagoka Antoniano kiroldegian jokatu zuten Gora gu ta gutarrak eta Orioko Ikastolako taldeek. Zarauztarrak garaile izan ziren partidan, lehen erdian oriotarrek eutsi zieten ahal bezala, baina pixkanaka tartea zabalduz joan zen Salbatore Mitxelena ikastolako taldea. Bukaeran, 39-57 Gora gu ta gutarrak taldea garaile.