Bi ibilbide izango ditu Haimar Zubeldia Klasikoak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 23a, 16:54
Haimar Zubeldia, Ixidor LarraƱaga, Joxe Lizaso, Imanol Gurrutxaga eta Patxi Rodrigo. (Etxeondo)

Igande goizean jokatuko da, eta ohiko ibilbide nagusiaz gain, ibilbide laburrago bat egiteko aukera jarri dute aurten, "emakumeen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin".

Igande honetan ospatuko da Zarauzko 34. Ibilaldi Zikloturista. Haimar Zubeldia Klasikoa izena dauka lehengo urtetik, eta Ixidor Larrañaga turismo zinegotziak azaldu duenez, izen aldaketak jendea erakarri du. "Aurten 700 zikloturista etorriko dira eta haien artean emakume dezente egongo da, gaiaren inguruan egin den lanketari esker".

Zarauzko Zikloturista Elkarteak, Zarauzko Udalak eta hiru babeslek (Reale Aseguruak, Gesalaga eta Etxeondo) antolatzen dute Haimar Zubeldia proba. Joxe Lizaso Zikloturisten Elkarteko ordezkariak esan duenez, gero eta proba gutxiago daude eta dauden gutxi horiek oso lehiakorrak bihurtzen ari dira. "Zarauzko Klasika Gipuzkoako zaharrena da, baina hori ez da meritua gaur egun, ez badugu berrikuntzarik egiten". Lizasok azpimarratu du "lasai" egiteko proba dela, nahi duenak ibilbidearen zati bat edo ibilbide laburra egin baitezake.

Aurten bi ibilbide egongo dira, betikoa, 150 kilometrokoa, eta bigarrena laburragoa, 91 kilometrokoa. Ibilbide luzea zazpi mendatetatik igaroko da: Errezil, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Etumeta. Ibilbide laburrak Errezilgo igoera edukiko du, baina Goiatzera iristean eskubitara egingo du eta Urrakiko gaina igaro ostean, ibilbide handiaren azken kilometro berdinak izango ditu, Etumetako mendatearekin. Azken anoagunea ere berbera izango da bi ibilbideentzat. Klasikan parte hartuko duten zenbait izen azpimarratu ditu Zubeldiak: Marino Lejarreta, Abraham Olano, Leire Olaberria, Amets Txurruka, Euskadi fundazioko zenbait txirrindulari...


Lehiaren gainetik, balioak

Elkarteko ordezkariak probaren lau balio azpimarratu nahi izan ditu. Lehenengoa, elkarlana, Zikloturisten Elkarteak babesleekin eta bolondresekin burutzen duen ekimena baita. Bigarrenik, tradizioa azpimarratu nahi izan du. "Mantendu nahi izan dugu baina berritu beharra heldu zaigula ere ikusi dugu, erreferente izateko zaharrena izateak bakarrik ez baitu balio".

Hirugarren erronka jasangarritasuna da. Etortzen den zikloturista hori "ondo eta segurtasunez" tratatua izateko parte hartzaile kopuruan muga bat ezartzea beharrezkoa dela azaldu du Lizasok, eta 650ekoa da muga hori. "Proba jende gehiagorentzat zabaltzeko presio asko dauzkagu, diru irabazi gehiago emango liguke horrek, baina guk beti ezetz esan izan dugu".

Azpimarratu nahi duten azken balioa aniztasuna da. Igandean irtengo den gazteenak 19 urte ditu eta zaharrenak, berriz, 74. "Ezin diegu utzi azpitalde hauei pitzatzen". Lizasok azaldu duenez, 60 urtetik gorako 19 parte hartzaile izango dira aurtengo edizioan. Genero aniztasunari dagokionez, aurtengoan 55 neskak hartuko dute parte, iaz baino 40 gehiagok. Aimar Zubeldiak azaldu du emakumeen parte hartzea indartzeko esfortzu berezia egin dutela. "Ikusten genuen gero eta emakume gehiago dabiltzala errepideetan, eta iruditu zitzaigun kopurua indartzeko zerbait egin beharra geneukala". Bestalde, emakumezko parte hartzaileentzat sorpresa batzuk egongo direla ere aurreikusi du txirrindulariak. Jatorri aldetik ez dute aldaketa handirik aurreikusten, "froga igandean ospatzeak kanpoko jende gutxiago ekartzea suposatzen du".

Ezaugarri hauekin guztiekin errepideetan dabiltzan zikloturistek "jarrera txukun bat" izatea lortu nahi dutela azaldu du Zikloturisten Elkarteko ordezkariak. "Afanosoek badute klasika honetan tokia, baina bere proportzioan etorri behar dute, ez beste azpitaldeak zapalduz".