Zarauzko bizilagunak dira Ertzaintzak atzo Donostian atxilotutako bi pertsonak

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 24a, 12:23

Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bileraren aurkako protestan atxilotu zituzten atzo, eta aske gelditu dira 03:00 aldera. Oriotarra da bat, eta zarauztarra, bestea. Atxiloketa horien aurka protestara dei dezakete gaur herrian, baina oraindik ez dute zehaztu ez leku eta ez ordurik.

Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, atzo Donostian hasi zen Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bileraren aurkako protestan, "jendearengana jo eta bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Tabakalera parean". Poliziaren presentzia nabarmenarekin eraikin barnean TMEaren harrera festa egiten ari zirelarik, "hainbat herritarrek protesta baketsua egin zuten Tabakalera inguruan, txistuekin soinua eginez".

"Bat-batean, Ertzaintzak ekintza grabatzen ari ziren kazetariak eremutik kanporatu eta jendearengana jo zuen". Tentsio momentuak bizi izan ziren, eta agenteek indarra erabili zuten protestan ari zirenen aurka. Jendartetik bi gazte atera eta atxilotu egin zituzten.

Ikusi argazki bilduma Irutxuloko Hitza-ren webgunean.