Zarauzko erraldoien panpinak kaleratu dituzte

Zarauzko Hitza 2018ko mai. 24a, 19:24
Emakumezko baserritarraren eta gizonezko arpoilariaren gomazko erreplikak (Aritz Mutiozabal).

Emakumezko baserritarraren eta gizonezko arpoilariaren gomazko erreplikak egin dituzte. Turismo Bulegoan jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera, bakoitza 12 euroan.

Herritarren aldetik eskaerak jasotzen ari zirela eta, udalak Zarauzko erraldoien gomazko erreplikak kaleratu ditu. Momentuz, birenak bakarrik egin dituzte: gizonezko arpoilaria eta emakumezko baserritarra, hain zuzen ere. Ruben Platero nafarrak egin ditu erraldoitxoak; 35 bat udalerritako konpartsetako figurak ditu ekoitziak. Panpin bakoitzak 12 euro balio du, eta astelehenetik aurrera Turismo Bulegoan jarriko dituzte salgai; online ere eros daitezke gigantesplatero.com webgunean.

Guztira, 850 erraldoitxo bikote kaleratu dituzte; horietatik 500 Turismo Bulegoak hartu ditu, eta gainerako 350 Platerok berak salduko ditu. Ixidor Larrañaga Kultura zinegotziak adierazi duenez, Zarauzko erraldoitxo hauek izaten duten erantzunaren araberakoa izango dela beste bien erreplikak egitearen erabakia.

Gaur arratsaldean egin dute aurkezpen ekitaldia Merkatu Plazako lehen solairuan, Zarauzko lau erraldoien aurrean, hain zuzen ere; azken bi urtetan Udaberri Jubilatuen Elkartean egon ondoren, duela hilabete batetik Merkatu Plazan daude. Ekitaldian, gainera, Platerok bi erraldoitxoekin eginiko oroigarria eman dio Larrañagari.

Bestalde, gogoratu dute San Pelaio jaien barruan III. Erraldoien Topaketa egingo dutela. Ekainaren 24an izango da, eta Zarauzkoekkin batera, Iruñeko Alde Zaharreko eta Bidasoako erraldoiek hartuko dute parte.

Erlazionatuak