Lau herriek "surf tradizio handia" dutela uste du Iban San Martin zinegotziak. Parte hartuko duten surflarien artean, bertakoak ere izango direla azaldu du; besteak beste, Ruben Vitoria eta Nadia Erostarbe.
San Martinen hitzetan, "ohorea" da beste urte batez txapelketa herrian jasotzea. Zarauzko hondartza Europa mailan "erreferentea" dela eta urte osoan zehar surfa praktikatzeko "baldintza ezin hobeak" dituela uste du zinegotziak. Pro Zarautz txapelketa berreskuratu den bezala, beste txapelketa batzuek hemen jokatzeko apustua egin dutela jakinarazi du San Martinek, esaterako, aurreko astean jokatu zen Vans txapelketa.
Superliga Siroko surf txapelketarekin ere berdin jarraituko dutela dio San Martinek: "Bat egiten dugu txapelketaren helburuekin, estatu mailako surflariei gure babesa eta bultzada eman eta talentua duten gazteen artean kirol honekiko ilusioa sortuz". Horrez gain, txapelketa honek "berezitasun nabarmena" duela azpimarratu du: "Emakumezko eta gizonezko surflari kopuru bera lehian aritzeaz gain, sariak ere berdinak izango dira". Zinegotziak asteburuan hondartza ingurura gerturatzera gonbidatu ditu herritarrak, "estatu mailako surf profesionalaz gozatu eta zarauztarrei babesa ematera".
Lucas Altamira txapelketako arduradunak esker hitzak izan ditu parte hartzaileentzat, udalarentzat eta babesleentzat. Txapelketaren antolatzaile guztiei proba Zarautzen jokatzeak "ilusio handia" egiten dietela aitortu du, eta aurrerantzean ere lehiaketan "nahitaezko geldialdia" izaten jarraitzea espero dute. Iaz guztia "ezin hobe" atera zela ekarri du gogora Altamirak. Bestetik, garrantzizkotzat jo du parte hartzaileen parekidetasuna bermatzea. Surflari zarauztarrak eta inguruko herrietakoak "surfaren festa handira" gonbidatu ditu antolatzaileak.
GSFko kide Oier Illarramendik antolatzaileen eta laguntzaileen lana txalotu du. "Gustoz" hartu zuten iaz txapelketa, eta aurten ere "itxura ona" duela iruditzen zaio Illarramendiri. Bestetik, asteburuan surfa egiteko "baldintza onak" izango direla iragarri du: "Olatu txikiak espero ditugu, baina kalitate onekoak. Haizea leun ibiliko da, eta ikuskizun polita egongo dela dirudi".
Nadia Erostarbe surflaria "pozik" dago txapelketan parte hartzearekin: "Iaz ezin izan nuen bertan egon, eta surfean aritzeko gogo handia dut". Ruben Vitoriak, aldiz, txapelketaren "maila altua" nabarmendu du: "Etxean horrelako txapelketa bat izatea izugarria da".