Larunbat honetan (ekainak 2) abiaraziko dute hondartza denboraldia, Gurutze Gorrikoen zaintza zerbitzua, eta irailaren 16ra arte iraungo du, 10:45etik 20:00etara. Ekainaren 15era arte hamar laguneko talde bat hasiko da lanean: zortzi sorosle, uretako motorrarekin ariko den lagun bat eta hondartzako sorosle burua. Ondoren, hilaren 16tik irailaren 16ra zabaldu egingo da lantalde hori: uztailean eta abuztuan, uneoro hamabost sorosle izango dira hondartzan; beste sorosle bat moilan, itsasgorarekin; eta uretko motorrekin jardungo diren beste bi lagun.
Ekainean eta irailean lau zaintza eremu edo talaia zabalduko dituzte, eta asteburuetan bost; uztailean eta abuztuan, berriz, bost talaia izango dira egunero. Sorosleez gain, Gurutze Gorriak osasun laguntza izango du: anbulantzia bat, bere osasun teknikariarekin eta erizainarekin. Bestalde, ezintasun fisikoak dituzten erabiltzaileek bainua emateko laguntza zerbitzua eskaintzen dute.
Surf ikastaroei dagokienez, aurreko urteetako bost guneak mantenduko dituzte aurten ere: Munoa, Eguzki Lore, Dama, Borghetto eta Kanala. Gurutze Gorriak eta Udaltzaingoak kontrolatuko dituzte ikastaroak, 09:00etatik 20:00etara. "Surf arautegiaren kontrol zorrotzarekin jarraituko dugu, hondartzako erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko", azaldu du Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martinek.
Prebentzio lana
Gurutze Gorriko lehendakari Felix Zubiak adierazi du prebentzioa dela beraien lanaren oinarria. Hain zuzen ere, Zarauzko hondartza ezagutzea eta jakitea toki arriskutsuak zeintzuk diren, banderekin txurroak edo zurrunbiloak non dauden markatuz eta gune seguruenak erabiltzaileentzat utziz.
Iazkoa urte txarra izan zela azpimarratu du, erreskate kopurua ia hirukoiztu egin zelako; normalean, udaldi osoan 30 inguru izan ohi dira, eta iaz 75etik gora izan ziren. "Hondar asko zegoen, eta beherakakoan aldapa handia sortzen zuenez, itsasbeherarekin txurroak asko nabarmentzen ziren. Horrek ohi baino erreskate gehiago ekarri zituen". Aurten, momentuz, hondar asko dagoen arren, aldaparik ez dagoela zehaztu du Zubiak: "Hala ere, uda sasoia luzea da eta ez dakigu nola garatuko den".
Alde horretatik, hondartzako erabiltzaile guztiei errespetuz jokatzeko eskatu die San Martinek, bai sorosleekiko bai gainerako erabiltzaileekiko: "Jakina da gure hondartzak ur lasterrak dituela, txurroak bezala ezagutzen direnak, eta, horregatik, sorosleeen oharrei kasu egitea eskatzen diegu".
Garbi mantentzeko
Hondartza zaintzea eta txukun nahiz garbi mantentzea guztion ardura dela nabarmendu du Zerbituzen zinegotziak. Hala, malekoian zehar bost koloretako zakarrontziak egongo dira, eta hondartzarako sarbideetan plastikoa eta errefusa jasotzeko edukiontziak. Halaber, hondartzaren garbiketaz Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da, eta gaurtik hasita, egunero garbituko dute uda sasoian.
Bestalde, hondartzako sarbideetan dauden oinak garbitzeko iturrietan heldulekuak jarri dituzte. Iaz eskaerak jaso zituzten udalean, adinekoek zaitasunak izaten zituztelako, eta gaia aztertu ondoren, Urola Kostako Udal Elkartearen soldatzaile eskolakoei heldulekuak egiteko eskatu diete. "Azkenean, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko neurria ian da", adierazi du San Martinek.
Malekoiko iturrietan heldulekuak jarri dituzte (Aritz Mutiozabal).