Hitzarmena adostu dute udalak eta ETSk, tren geltoki berriaren proiektua idazteko

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 1a, 13:59
2016an maketa hau aurkeztu zuen udalak

Euskal Trenbide Sareak proiektuaren idazketaren %66,7a ordainduko luke, eta udalak gainerako %33,3a. Gaur egungo tren geltokia bota, eta berria egitea da asmoa. Horrez gain, trenbide azpiko pasabidea egingo lukete, Salberdin, Lapurdi eta geltokiko parkea lotuz.

2016ko irailean aurkeztu zion Zarauzko Udalak ETS Eusko Trenbide Sareari tren geltoki berria egiteko proposamena. Interesgarritzat jo zuen orduan ETSk asmoa, eta orain udalak jakinarazi du akordioa lortu dutela. Dena dela, oraindik ez dute sinatu hitzarmena Arantxa Tapia ETSko presidenteak eta Xabier Txurruka alkateak.

Adostutako hitzarmenaren bidez, ETSk bere gain hartuko du proiektua idaztearen kostuaren %66,7a, 100.050 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Udalak, berriz, %33,3a ordainduko du, gehienez 60.500 euro (BEZ barne).

Proiektuak bi lan biltzen ditu: batetik, gaur egungo tren geltokia botako dute, eraikin berria egiteko. Bestetik, trenbide azpiko pasabide bat egingo dute, Salberdin, Lapurdi eta geltokiko parkea lotuz. Pasabideari esker, Bilboko noranzkora doazen bidaiariek ez dute trenbidea gurutzatu beharko.

Pasabidea, herria lotzeko

Pasabide hori oinezkoentzat eta bizikletentzat izango da, eta alkateak prentsa ohar bidez nabarmendu du "proiektu estrategikoa" dela, "herriko iparraren eta hegoaren arteko komunikaziorako".

Pasabidetik geltoki berrira iristeko igogailua eta eskailerak eraikiko dituzte. Igogailua lur azpiko pasabidetik abiatuko da, eta nasa arteko eremua gurutzatuko du, iparraren eta hegoaren arteko komunikazioa ahalbidetuz. "Egungo geltokiak ez du inongo balio historikorik, aurreko geltokiaren berreraikuntza baita", azadu du Txurrukak.

Proiektuak helburu bikoitza duela esan du alkateak prentsa ohar horretan: "Batetik, trenbide zerbitzua hobetu nahi dugu eta, bestetik, trenaren hiri integrazioa hobetu. Pasabide berri horrek, Santa Klarakoarekin batera, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioan iraultza ekarriko du Zarauzko erdigunean".