Gure Esku Dagoren giza katea

Giza kateari babesa eman diote Zarauzko udal ordezkariek

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 2a, 09:00
EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarauzko udal taldeetako ordezkariak (Zarauzko Gure Esku Dago).

EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarauzko kideek argazkia atera zuten osteguneko udalbatzarraren ostean.

Zarauzko udal taldeetako ordezkariek babesa eman diote publikoki ekainaren 10eko giza kateari, PSE-EEko kideek izan ezik. Joan den ostegunean, udalbatzarraren ondoren, argazkia atera zuten Xabier Txurruka alkateak eta EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarautz alderdietako zinegotziek Lege Zaharren enparantzan; azken horiek, Irabazi Zarauzkoak, maila pertsonalean hartu zuten parte.

Erabakitzeko eskubidearen alde, Donostia eta Gasteiz lotuko ditu Gure Esku Dagok antolatutako giza kateak. Ibilbideak 201 kilometro izango ditu, eta horietako hiru Zarauztik igaroko dira. Bertan parte hartzeko izena eman ahalko da asteburu honetan herrian jarriko dituzten postutxoetan: larunbatean (ekainak 2), udaletxe aurrean, 11:00etatik 13:00etara, eta igandean, Musika Plazan, 12:00etatik 14:00etara.

Bestalde, gogoratu dute ekainaren 10eko giza katearen ondoren egingo den herri bazkarirako txartelak salgai daudela. Txiki Polit, Eguzki, Yubio eta Arrano tabernetan, EAJren Batzokian eta Azken Portuko Lau okindegian eros daitezke, 12 eurotan.