Trainerilen denboraldia bukatu da, eta, orain, traineruena hasiko da. Nola ikusten duzu taldea liga hasierarako?
Ondo ikusten dut. Oraindik hamabost egun falta zaizkigu, eta prestaketa zorrozten goaz. Iruditzen zait ongi iritsiko garela... Trainerilako liga eta gero, joan den astean Ondarroan jokatu genuen estropada traineruarekin aspaldiko partez, eta larunbat honetan Mutrikun jokatu dugu. Aste honetan pauso bat eman dugu aurrera, eta pausoz pasuo goraka joateko asmoarekin ari gara lanean. Aste honetan Lekeition izango dugu estropada, eta ondorengoan jada ligari ekingo diogu
Liga Portugaleten hasiko duzue, ekainaren 16-17ko asteburuan.
Hori da. Jardunaldi bikoitza izango da Portugaletekoa. Larunbateako proba ez da puntuagarria izango, baina hurrengo egunerako txandak finkatzeko balioko du. Ligako lehen estropada puntuagarria igandekoa izango da. Portugaleteko estropada eremua nahiko delikatua da, batez ere, kaleengatik eta mareengatik. Edonola ere, ongi ailegatuko garela uste dut, gure maila emateko moduan.
Nolako taldea osatu duzue aurtengorako?
Egia esan, baja dezente izan ditugu, nahi baino gehiago. Iazko hamahiru arraunlariko taldetik erdiak utzi egin du, zazpik edo. Arrauna bezalako kirol batean asko igartzen da hori; izan ere, arrauna bada elkar ezagutzea eta era zehatz batean elkarrekin aritzea. Baina, tira, gazte batzuk igo dira, beterano batzuk ere jarraitzen dute eta ni neu ere etorri naiz. Egia esan, gazteak ongi erantzuten ari dira, eta gustura eta ilusioz ari gara.
Gazteekin egonkortu duzue taldea, beraz?
Hala da. Iaztik hona zazpik eta entrenatzaileak utzi dute taldea, eta entrenatzaile-arraunlari gisa ni neu etortzeaz gain, lauzpabost gazte hasi dira gurekin. Gero, bizpahiru jubenil ariko dira aurten gurekin, eta, horrela, 16-17 arraunlariko taldea osatzeko.
Jubenilak indartsu datoz. Lan txukuna egin dute bateletan eta traineriletan. Errefortzu ona izango da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Bi hilabetetan 15-16 estropada jokatzen ditugu. Guztia oso konprimitua denez, aldaketak egiteko jendea behar duzu, norbaitek min hartu duelako edo bestea gaixo dagoelako. Egia da gazteek denboraldi oso ona egin dutela, bateletan Euskadiko txapeldun izanda eta traineriletan ere Espainiako Txapelketako ohorezko mailan lehiatu dira asteburu honetan. Maila handia dute, eta oraindik gazteak badira ere, lagungarri izango zaizkigu taldean.
Talde barruan zer giro nabari duzu? Lehiatzeko gogoz al daude arraunlariak?
Hilabete asko dira entrenatzen. Azkenean, negua luze egiten da, eta aurtengoa nahiko gogorra izan da, euriagatik eta hotzagatik. Arraunlariek badute lehiatzeko gogo hori, eta ilusioz daude. Gainera, ikusten da pausoz pauso bagoazela aurrera, neguko estropadetan gure maila eman dugula eta udan ere gauza politak egin ditzakegula.
Gauza politak egiteko itxaropena duzue. Zeintzuk dira aurtengo helburuak?
Klubean ez dugu helburu zehatzik finkatu. Azkenean, denboraldi batetik bestera talde bat horrenbeste aldatzen denean, ez dakizu nola erantzungo duen. Eta hainbeste arraunlari gazte duzunean ere ez dakizu ziur... Arraunean gorputza muturreraino eramaten duzu, eta muga horietan ondo erantzuten ikasten da estropadetan lehiatzen. Oro har, txukun ariko garela uste dut.
Iaz zazpigarren postuan bukatu zenuten. Asmoa litzateke bigarren txandan egonkortzea?
Bai, dudarik gabe. Hori lortuko bagenu, gustura geratuko nintzateke. Erdiko txanda horretan lehiatzeko itxaropena dut. Iazko emaitza hori lortzea ez da erraza izango, baina borroka egingo dugu horretarako. Oraindik koskak igotzen goaz, eta ea lortzen dugun zazpigarren postu hori berrestea.
Zeintzuk izango dira 'Enbata'-rekin parez pare ariko diren ontziak?
Getaria joko nuke TKEra igotzeko faboritoen artean, eta, gero, Kantabriako bi ontziak: Astillero eta Pedreña. Gurekin borrokan ibiliko direnen artean, Deustu, Zumaia eta Lapurdi ikusten ditut. Gero, teorian, gure atzetik egongo lirateke San Juan, Hibaika, Portugalete eta Arkote. Baina, jakina, hemen arraunean egin behar da, eta besteek ere arraunean egiten dute. Baina gustatuko litzaiguke erdiko txandan lehiatu ahal izatea eta gozatzea. Espero dut hasieratik bukaerara arte motibazio hori mantentzea aurten.
Bederatzi hilabete daramatzazu entrenatzaile lanetan. Nola ikusi duzu zeure burua?
Hamar mila dudarekin, baina gustura nabil. Gainera, asko laguntzen nauen jendea daukat inguruan, eta horrek asko errazten dizkizu gauzak. Ilusioz nago, eta ilusioarekin eta lanarekin gauza asko lortzen direla uste dut. Ontziak lehian nola funtzionatzen duen irrikitan nago.