Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren artean sinatuko den hitzarmena onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak, Errotaberri industrialdeko urbanizazio proiektuari dagozkion lanak egiteko eta finantzatzeko. Udalak 2017an idatzitako proiektua bost fasetan dago banatuta –lehenengo hirurak jada martxan daude, eta laugarrena berehala jarriko dute abian–, eta gaur onartutako hitzarmena bosgarren faseari dagokio. Hain zuzen ere, Frantsesbidea deritzon ataleko lanei.
Guztira, 1.892.371,97 euroko aurrekontua bideratuko da horretara, eta exekuzio epea 16 hilabetekoa izango da. Aldundiak partzialki finantzatuko ditu lanak, 1.243.026,59 euroko ekarpena eginez, eta, era berean, erabilgarri utziko ditu obrak egiteko beharrezkoak diren lurrak. Udalak, berriz, bere gain hartuko du obra horiek kontratatzeko eta egiteko erantzukizuna.
Frantsesbideko obrek Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotuko dituzte; eta horretarako autobidearen gainean dagoen pasabidea erabiliko dute. Horrekin batera, Frantseskoako kutxa berrituko dute, Aitza auzoarekin lotunea egin eta T itxurako bidegurutzea egin Arizia biribilgunea kendu ondoren.
Sarbidea hobetzeko
Errotaberrirako sarbideak hobetzeko helburuarekin erabaki dute udalak eta aldundiak lankidetza hitzarmena idaztea eta adostea. Lan horiei esker, industrialdearen eta bide sare orokorraren arteko lotura hobetuko dela nabarmendu du Imanol Lasa foru bozeramaileak, "zirkulazioak herrigune osoa zeharkatu behar ez izatea erraztuz".
Egun, N-634 errepidea eta A-8 autobidea lotzen dituen biribilgunetik Zubiaurrezar kalea hartu ondoren, Araba eta Urdaneta kaleak zeharkatu behar direla gogoratu du Lasak. "Errotaberrira doazen ibilgailuen herriguneko ibilbidea 800 metrotan murriztea lortuko du. Horietako asko, ibilgailu astunak dira. Beraz, herriaren mugikortasunean hobekuntza handia ekarriko du, herrigunean trafikoa arinduz eta bizilagunen bizi kalitatean modu positiboan eraginez". Ekonomia alorrean ere "garrantzi handiko" obra izango dela gaineratu du, industria jarduera handitzea eta garatzea ahalbidetuko duelako.
Bosgarren faseko lan hauek bat datoz aldundiak saihesbidea egiteko aurreikusitako proiektuek jasotakoekin. "Orain egiten badira, ez dira aurrerago egin beharko, N-634 saihesbidearen separatako lanei ekiten zaienean. Beraz, aurreikusitako lanak aurreratzea dakar. Aurreneko pausoa ematen ari gara", azpimarratu du Lasak.