"Sinetsita gaude aurtengoa berezia izango dela"

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 6a, 17:55

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jai batzordeak ondorengo bideoa eta oharra zabaldu du bere Facebook kontuan.

" “Inoizko mobilizaziorik handiena” zioen batek. Eta hala zen. Inongo beste mugimenduk ez du lortu Zarautzen halako mobilizaziorik egitea; gure memoria iristen denera arte ez behintzat. Eta hori horrela izan bazen, bistakoa behar zuen aldarriak. Gutako askori zaila egin zaigu, abuztuak 10az geroztik, Zarauztik kanpoko lagunei azaltzen egun haietan bizitakoa. Jai-batzorde batek halako babesa eta elkartasuna jasotzen duenean, jai-batzorde hutsa baino gehiago da. Eta, bai, guk oso serio hartzen ditugu festak. Maite ditugu gozatzen ditugulako, pertsonengana hurbiltzen gaituztelako, herritarrak gugana hurbiltzea eragiten dutelako. Komisiyuak inklusiboa izan nahi du, parekidea, euskalduna… eta lan egiteko prest gaude bide horretan; eta herriak badaki.

“Sekula horrelakorik ikusi gabekoak ginen” entzun genion beste bati. Irribarre bat zuen ahoan. Urteetan zehar Komisiyuak eginiko lana, izandako dedikazioa eta konpromisoa eta auzoarekiko duen maitasuna errekonozitzen duenaren irribarrea; eta Komisiyuak bere-berea duen sentsibilitatea goraipatzen duenarena.

Gurea etorkinek sortutako auzoa da, langileek eraikitakoa, zahar eta gazteek bizitakoa, trenbidearen beste aldean gauzak egiteko beste modu bat badela sinetsi eta frogatu duen auzoa. Bi taberna, garbitokia, baserriak, mojen komentua, baratzeak… galdu dira gehien-gehienak, baina gure sentitzen ditugu oraindik.

“Ikaragarrizko olatua!” 2017ko abuztuaren 10ean, gauerdian, Komisiyuak bertan behera utzi zituen jaiak urte mordoan lehenengoz. Kanpotik etorritako musikariek, langileek… esan ziguten gure plazan eskaintzen genituen baldintzak ez zirela duinak. Gu horrekin konturatuta geunden, eta zegokionari abisua pasa genion halakoren bat gertatu zitekeela, baina Udalak ez zuen ebidentzia hura ikusi nahi izan, gainera etorri zitzaion arte. Gerokoak denok dakizkigu.

Erabaki gogorra izan zen hala eta guztiz ere. Komisiokide ohiek ohartarazi gintuzten behin baino gehiagotan: “garai zailak etorriko dira, baina festak ez antolatzea azken aukera da”.

Horregatik guztiagatik, Komisiyuak eskerrak eman nahi dizkie hurrengo norbanako eta kolektiboei: komisiokide ohiei, zuengandik ikasi dugunagatik; gure artean ez dauden auzokideei; festetara hurbiltzen zaretenoi; lanera etortzen zaretenoi; pailazoei; musikariei; Txarangari; tabernariei; dendariei; antzezleei; modu batera edo bestera zuen laguntza ematen duzuenoi; Putzuzulo Gaztetxeari, auzoari emandako guztiagatik, itzalean herri honen alde egindako guztiagatik eta hainbat aspektutan erreferente izateagatik; Zarauzko gainontzeko jai-batzordeei, zuen babesagatik; beste eragileei, herritarren alde egindako lanagatik…

Espero dugu iazko udan jazotakoa gertaera isolatua izatea, jendeari begiak irekitzea eta problematikaren aurrean jarrera bat edo beste hartzea eragingo dion pasartea izatea, eta Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiek urte askoan beste halakorik bizi behar ez izateko oinarriak eraikitzeko balio izango duen mobilizazioa izatea.

Horretarako, deialdi berezia egiten diegu auzoko gazteei: biziki animatzen zaituztegu gugana hurbildu eta Komisiyuaren parte izateak dakarrena bizitzera. Ez galdu aukera!

Sinetsita gaude aurtengoa berezia izango dela. Indarberberrituta gatoz; inoiz baino sentsibilitate handiagoarekin, ikasteko gogoz, ondo pasatzeko beharrez, auzoa biziberritzeko asmoz… eztabaida antzuak gainditu nahi ditugu, harreman berriak egin eta zubiak eraikitzeko prest gaude, errealitate sozial berriei gure interpretazioa eman eta haiei eragiteko. Munduko festarik onenak egitera goaz.

Bihotzez,

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko Komisiyua"